Aho batez onartu dute udal gobernuak hondakinen bilketarako proposatutako eredua

Uztarria.eus 2014ko urr. 8a, 16:38

Hondakinen-bilketa sistema edukiontzi komunitario bidezkoa eta kontrolatua izango dela onartu dute udalean ordezkatuta dauden alderdi guztiek aho batez, baina ez dute zehaztu nola funtzionatuko duen sistemak. 

Edukiontzi komunitarioetan oinarritutako hondakin-bilketa sistema proposatu zuen udal gobernuak irailaren 5ean, eta atzoko udalbatzan egin zuten proposamenaren gaineko bozketa. Udaleko alderdi guztiek proposamenaren aldeko botoa eman zuten, eta Azpeitian ezarriko duten hondakin-bilketa sistema berrian hondakin organikoen eta errefusaren edukiontziek txipa izango dute.

Errefusa astean bitan jasoko dute nahi den egun eta orduan, eta ontzi berriak jartzean herritarrei jakinaraziko zaie zein ontzitara bota beharko duten errefusa. Edukiontzi horiek erabiltzaile kopuru mugatua izango dute. Etxeberria azaldu duenez, "100 edo 150 herritarren artean banatuko dituzte edukiontziak". Horrez gain, pixoihalak eta konpresak beste edukiontzi batzuen bidez jasoko dituzte.

Gainerako hondakinentzat ere edukiontzi berriak jarriko dituzte, eta edukiontziak berritzen zein kontrol neurriak jartzen 295.000 euro inbertituko ditu Udalak.

Bilketa sistemaren plana osatu gabe dagoela azaldu zuen Etxeberriak atzo, eta Aitor Gorrotxategi EAJren bozeramaileak esan zuenez, "eztabaidatzeko dago nola funtzionatuko duen sistemak". Etxeberriak jakinarazi duenez, urte bukaerarako espero dute sistema berria martxan jartzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide