Munduan baldin bada!

Erabiltzailearen aurpegia 'Noticias de Gipuzkoa' 2014ko urr. 9a, 11:50

Lehia norgehiagoka da, eta norgehiagokan aurrean dena mendean hartzeak du balio. Ez naiz aurkaria zapaldu eta lotsagarri uzteaz ari, hari gaina hartzeaz baizik. Ez dut ezagutu aurkariaren txapa hotsa gustura entzun ez duen pilotaririk, ezta arerioaren potoak poztu ez duen bertsolaririk ere, txapela edo finalerako sailkapena jokoan denean behintzat. Besterik dioena –halakorik ere bada- ez doa lehiara, eta ni horretaz ari naiz.

Lehia gustuko dugu. Finalak gustatzen zaizkigu, apustu handiak, zale sutsu ez dena bildu ohi da horrelakoetara. Herri-kiroletan salbuespenik gabe erronka jotzeko erabiltzen den formula da norgehiagokaren adibide gorena: munduan baldin bada! Bikaina irudi-tzen zait, konplexu eta hipokresiarik gabeko jarrera.

Atzo Azpeitian lehiatu ziren bi mutil gazteak ere espiritu horrekin joan ziren. Jendetza bikaina plazan, zaleak begirik kendu gabe, arreta eta irrika biziz. 8.000 euro jokoan. Aimar Irigoienek 152 kiloko kubikoa bizkarreratu behar, Hodei Iruretagoienak, Izeta IV.ak, 137,5koa. Hamar minutuko hiruna kintze bakoitzak. Lan handiak, ikaragarriak... Izeta etxean 34ko bi kintze eginda joan zen, eta lehenengoan 34.ak huts egin izana larrutik ordaindu zuen. Halere, meritu latza izan zuten hirugarren txandan emandako 30 jasoaldiek. Aimarrek, berriz, kirolari harrigarria dela erakutsi zuen berriz ere. Apustua irabazi eta Goenatxoren marka ondu zuen, jasoaldi bakar batez. Azkoitiarra ere ez zen edozein. Halere, ederrena plaza horrela ikustea izan zen. Hunkigarria. Neu seko ustela naiz bestela. 

Xabier Euzkitzek igandeko Noticias de Gipuzkoa egunkarian kaleratutako artikulua da hurrengoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide