Galdetu zuten, bai

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2014ko urr. 10a, 12:33

Beste pertsona bati bere iritzia plazaratzeko aukera eskaintzea beti da ekintza demokratikoa, baina ez bakarrik hori, baita interes eta errespetu erakurgarri ere.

Galdetzeak ez du esan nahi, kasu guztietan, iritzia bere horretan onartu eta aurrera eraman behar denik. Galderaren erantzuna eztabaidaren hasiera izan daiteke. Eztabaida zentzu onean hartuta, argudio trukaketa.

Iritzi eta jarrera ezberdinen artean akordio batera iristea ez da makala, bi aldeak konforme dauden puntu bat lortzea ez baita beti erraza.

Galdetzeak, gainera, badu bere baitan hobekuntzarako asmo bat, egoerara egokitzeko asmo bat, denen gustura egokitzekoa. Eskoziaren kasua garbia da horretan.

Galdeketaren emaitza loteslea izan arren, ezetz bozkatu zuen gehiengoak. Erresuma Batuaren parte izaten jarraitu nahi duela. Hau da, Isaber II.a erregina nahi dutela Albako dukesa beharrean, libera esterlinarekin ordaintzen jarraitu nahi dutela, eta baita ezkerretik gidatzen zein Eurovisionen beste ingeles guztien eskutik joan. Baina galdetu diete, bai. Beraiek ezezkoa esan badute ere, behar, gogo eta egoerara egokitzeko borondatea aurkeztu die Erresuma Batuak, erabaki txalogarria.

Ausart, galdetzeko aukera eman eta emaitzekin termometroa jarri du britainiar gobernuak.

Pena toki guztietan iritzi aniztasunaren aberastasunaz ez ohartzea, galdetu eta bestea entzuteak dakarren onuraz ez jabetzea.

Egun hauetan Katalunian nabil; Eskoziarekin alderatuta oso egoera desberdinean daude. Iritzia plazaratu eta beraien egoeraz eztabaidatzeko gogoa dute katalanek. Eztabaida sanoa, baina parte-hartzaile guztien borondatearekin, ez mugak jartzen dituen entzulearekin. Besteen iritzia, sentimendua eta gogoa erasotzat hartzen duen entzulea. Kristalezko burbuilan bizi den eta pantaila baten atzetik hitz egiten duen hartzailea.

(Urola Kostako Hitza-n argitaratua, 2014-10-09)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide