Euskaraz bizi nahi dut herri-lasterketa egingo da herrian, ostiralean. Udaleko Euskara Batzordeak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta euskararen aldeko eragileek antolatu dute jaia, eta herritar guztientzat dago irekia.
Izena eman nahi duten herritarrak plazan jarriko den mahaira joan daitezke, 17:00etatik aurrera. 14 urte bitarteko gaztetxoek hiru euro ordaindu beharko dituzte lasterketan parte hartzeko, eta adin horretatik aurrerakoek, bost euro. Lasterketaren irteera, berriz, 18:30ean izango da, plazatik. Bestalde, kamisetak ere egongo dira salgai, lau euroren truke.
Udalak esan du "euskaraz bizitzeko nahia" adierazi nahi dutela. Hori dela eta, ez da egongo sailkapenik lasterketan, parte-hartzea soilik hartuko da kontuan. Herritarrei, oroigarri gisa, diploma emango zaie, zozketa batean parte hartzeko zenbakiarekin.