Eskerrik asko denoi

Uztarria.eus 2014ko urr. 17a, 16:21

'Egunkaria'-ko azpeitiar langile izandakook esker oharra atera dugu auzia bukatu dela eta. Jose Luis Aizpuru, Leire Aramendi, Ion Aranburu, Iban Arregi, Mikel Arregi, Mikel Azkune, Estitxu Elduaien, Oihana Elduaien, Enekoitz Esnaola, Eneko Etxeberria, Amagoia Gurrutxaga, Xabier Iturria, Asier Legarda-Ereño, Xebaxtian Lizaso, Ana Unanue, Kike Zurutuza.

Aste honetan auzi ekonomikoa preskripzioagatik itxi ondoren —duela lau urte absoluzioa izan zen itxiera kasuan—, betiko bukatu da Egunkaria auzia. 11 urte pasa izan dira. Auzipetuta izan direnek gaur egin dute eskertza ekitaldia, Andoainen.

Espainiako Estatuak 2003ko otsailaren 20an kazeta itxi eta egun batzuetara, honako oharra atera genuen Egunkaria-n orduan geunden azpeitiar langileok:

"Itxi egin digute Egunkaria. Baina Egunero atera dugu. Eta Egunero ixten badigute, euskarazko beste egunkari bat aterako dugu. Ez dio inporta izenak, izanak baizik. Eta Egunkaria-ren izan horrek ematen dio min Espainiako Estatuari. Euskal Herriaren burujabetzarako ezinbesteko tresna delako euskarazko prentsa".

Auzia (ez injustizia) bukatu den honetan ere azpeitiar denei, herriko eragileei eta udalari eskerrak eman beharrean gaude Egunkaria-ko azpeitiar langile izandakook. Handia izan da zuengandik urteotan jasotako babesa, handia ekarpena: berotasuna, elkarretaratzeak, ekitaldiak, omenaldiak, udal mozioak, Berria sortzeko akziotan herrian bildutako 59.000 euroak... (Euskarazko prentsa eta Azpeitia liburuko Egunkaria: erantzuna Azpeitian atala).

2003ko premiazko ohar hartan berretsita, euskaldunok hedabideen bidez ere euskaraz bizi gaitezen lan egiten eta sustatzen segituko dugu guk.

Eskerrik asko berriro!

Egunkaria-ko azpeitiar langile ohiak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide