Eta hala ere, ez dago beste irteerarik: udan egin ez ditugunak, esan ez ditugunak, egin genituen ametsak eta bete ez genituenak, bete gabeko planak alde batera utzi, eta berriro geure egunerokora itzultzea besterik. Geure lanera, geure eginbeharretara, geure ametsetara, geure bizitzara, geure nahietara.
Baina kosta egiten da. Horregatik, oraindik atzera begiratzen dugu tarteka, "Banu, balego eta balitz" aitatzen ditugu behin eta berriz, eta poliki-poliki murgiltzen gara, geure munduan, geure inguruan, eguneroko bizitza deitzen diogun horretan. Poliki-poliki, praka motzetan eta txankletekin hasieran, praka luzeekin geroago, jertsearekin azkenean. Eta konturatu garenerako, erabat harrapatuta ikusten dugu geure burua.
Orduan, geure buruari sinetsiarazten diogu igaro berri den udan nahikoa indar hartu dugula. Eta bestelako garaiak etorriko direla, momentu bakoitzak baduelako egiteko bat, eta egiteko bakoitzak baduelako bere momentua.
Eta halako batean, geure buruari esaten diogu atzekoa alde batera utzi behar dugula, eta badela aurrera begiratzen hasteko garaia.
Eta bai, aurrera begiratu beharra dago, aurrea zein edo zer den oso ondo ez dakigun arren.
Urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia artikulua.