Ez naiz gogoratzen zutaz ahazteaz

Erabiltzailearen aurpegia Ane Soraluze 2014ko urr. 22a, 11:59

Hil honetan dakarkidan pelikula ez da egungoa. Thriller psikologiko honek baditu dagoeneko 14 urte baina inork inoiz ikusi baduzue, ziurrenik gogoratuko duzue. Izan ere, istorioa nolabait arraroa da eta filmean gertakariak kontatzeko modua ere, nolabait esateko, ez-ohikoa da.

Pertsonaiak nagusiak, Leonard (Guy Pearce) izeneko gizonak, amnesia anterogradoa deritzona du. Bere etxea erasotzen duten bi ezezagunek emandako kolpearen ondorengo ezer ez du gogoratzen; kolpearen aurretik gertatutako dena du gogoan, baina ez da oroitzapen berririk sortzeko gai. Berak kolpea jaso aurretik ordea, bi erasotzaileek emaztea bortxatu eta hiltzen dute; beraz, gogoratzen duen azken gauza haren hilketa da. Denborarekin garatzen duen sena eta metodo zorrotz baten bidez emaztearen hilketa ikertzen hasten da, hiltzailea topatu eta hura hiltzeko helburuarekin. Horretan Teddy (Joe Pantoliano) izeneko polizia batek lagunduko dio, Leonarden emaztearen hilketa ikertzeko arduraduna baita bera.
 
Zuzendaria eta gidoilaria Christopher Nolan da. Besteak beste, Batman-en saileko Batman Begins, The Dark Knight eta The Dark Knight Rises, El Truco Final (El Prestigio) edota Origen aurkitu ditzakegu bere lanen artean. Azken hori ere thriler psikologikoa da; Memento-n memoria lantzen duen bezala, Origen-en ametsak dira tramaren oinarri.
 
Memento hain berezia egiten duena kronologiaren ordena da. Istorioa bi sekuentzia edo kronologiatan banatuta dago. Eszena batzuk zuri-beltzean agertzen dira eta beste batzuk kolorez. Zuri- beltzean dauden gertakariak kronologikoki ordenatuta daude; koloredunak, ordea, atzekoz aurrerako ordenean daude. Hau da, kolorezko bigarren eszena hirugarrena baino beranduago gertadu da denboran, nahiz eta lehenago ikusiko dugun filmean; hirugarrena laugarrena baino beranduago, eta abar. Horrela, denboran atzera eginez pelikula aurrera doa, momentu batean bi sekuentziak puntu berdinera heltzen diren arte.
 
Bai kritika eta bai sarrera salmentetan emaitza onak izan zituen Memento-k. Gainera, hainbat duda eta buruhauste sortuko dizkigu. Dena ez baita beti gogoratzen dugun bezalakoa.
 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide