Amets Amubietak (Azpeitia, 1997) eta Maialen Aldalurrek (Azpeitia, 1996) irabazi zuten igandean jokatutako 38. Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketa.
Seguran txapela eta zapia eramateaz gain, beraien senideen eta azpeitiarren zorionak jaso zituzten: "Txapelketa amaitu ondoren, jende ugariren zorionak jaso genituen, eta hori asko eskertzen dugu. Gurasoak beti egon dira gurekin eta eskertzekoa da beti eman izan dizkiguten animoak", adierazi dute Ambubietak eta Aldalurrek.
Bi azpeitiar gazteen arabera, ez zuten irabaztea espero, finaleko maila "oso altua" baitzen: "Bagenekien irabazteko aukera zegoela, baina hala ere guretzako sorpresa bat izan da. Denok izaten dugu Euskal Herriko Dantza Txapelketa irabazteko nahia, garrantzitsuena da eta".
Bakarkako entseguak
Dantza txapelketa guztietan ahaleginak egiten dituztela adierazi dute: "Txapelketetan ez dute ezer oparitzen, eta akats txiki baten ondorioz atzera egin dezakegu. Beraz, txapelketa guztietan ahal dugun ondoena egiten saiatzen gara", azpimarratu du Amubietak.