Bipolartasunaren ajeak. Eta ez.

Erabiltzailearen aurpegia estitxu 2014ko urr. 23a, 15:03

Eszeptikoz inguratuta nago. Eta ez. Etengabe entzuten ditut "zertarako?", "alfer-alferrik ari dira", eta "horiek beti nahi dutena egiten dute" bezalakoak. Espainiako gobernuak abortuaren legea aldatu nahi zuela iragarri zuenean entzun nituen, LOMCErekin dituen asmoak iragarritakoan ere bai, eskualdean enpresa bat eta beste bat itxi dutenean entzun ditut, eta Espainiako Auzitegi Nazionalera joan beharrean Loiolan giza harresia egin zutenean ere bai. 

Ez dute protestetan sinesten, ez desobedientzia zibilean, ez mobilizazioetan. Lagunekin kafe edo ardo bat hartzerakoan "etzion deretxoik" esango dute eta etxera joango dira, telebistaz jarraituko dituzte gertaerok. Portaleko atea jo eta barruraino sartzen diren arte behintzat, eta orduan ere, lanak. Madrilez hitz egiten dute orain askok, inbidiaz, Podemosekoak ari omen direlako gauzak ondo egiten, ba omen duelako kasta, ba omen duelako eduki beharrekoa. Eta askotan ernegatu egiten naute.

Utopikoz inguratuta nago. Eta ez.

"Kalera atera beharra dago", "kolpeak kolpe, eutsi!", "gurea pasatuko dun eta datozenak eskertuko dinate" eta horrelakoak ere entzuten ditut. Txalo artean joaten dira, baina espetxean sartzen dituzte; batzuekin kritiko izateagatik diru laguntzak kentzen dizkiete eta kale gorrian uzten dituzte; biluzik egiten dute protesta eta iseka egiten diete; hilabeteak kobratu gabe egon arren, lantegiaren barruan itxialdia egiten dute, eta enpresaburuak salaketak jartzen dizkiete. Eta etxeko egoera larri-gorritan eduki arren, ondorioak beltz-ilunegiak izango direla jakinda ere, eurenari heltzen diote. Eta hauek ere, batzuetan ernegatu egiten naute.

Neure buruak ernegatzen nau, eszeptikoa naizelako batzuetan eta utopikoa besteetan. Biak eta ezer ez; eta biak eta dena. Bipolartasuna. Eta ez.

Baina udazkena epeletik doalako izango da, edo uda ondorengo tristura oraindik iritsi ez zaidalako, baina erneguak gobernatzen ari naiz azkenaldian, lainoetatik apur bat gertuago, lurretik zentimetro batzuk gorago. Ni utopikoa loratuta darabilt, bai, abortuaren legea gelditzeak erakutsi didalako zerbaiterako balio dutela protestek; TS enpresa erosteko eskaintzekin ikusi dudalako kateatzeak baduela esperantzarako aterik; Loiolako herri harresiak gure inguruko asko gaiaren inguruan hizketan eta eztabaidan aritzeko balio izan duelako; eta bai, Egunkaria itxi eta 11 urte luzera (berandu, beranduegi) bidegabekeria latz hura hala izan zela behingoagatik argi gelditu delako.

Etorriko dira euria eta hotza. Jarraituko dute batzuk soldatarik gabe; segituko dute besteek kartzelan, sartuko da Espainiako hezkuntza gure ikastetxeetan, pribatizatuko dituzte aurrezki kutxak... Eta ikusiko dugu telebistan, edo aterako gara kalera, edo begiratuko diogu Madrili edo entzungo diogu aldamenekoari. Esnatuko zait ni eszeptikoa, badakit.

Baina zerua ez ei da adostasunez lortzen, erasotuz baizik. Pablo Iglesiasek esan berri du, eta lilura betean harrapatu nau esaldiak. Memorian atzera egin eta Karl Marxek aspaldi esana zuela errieta egin didan arte.

Bipolartasunaren ajeak. Eta ez...

Estitxu Elduaienek Urola Kostako Hitza-rako idatzitako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide