Bide erotiko berriak aurkitu

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Sancho Esnaola 2014ko urr. 24a, 11:57

Ibilbide luzeko bikote askok errutinatik ateratzeko beharra sentitu ohi dute, desira gabezia gainditu; laburbilduz, euren erotika partekatua erein. Nola iritsi da bikote bat erotikoki aspertzera? Ez dago faktore bakar baten menpe, baina ohikoak diren zenbait jarraibide aipatuko ditugu oraintxe.

Elkarrekin egin ditugun jokabide erotiko plazertsuak, bigarren mailakoak kontsideratu ditugunak bazter batean uztea; hau da, sarketa ez diren jokabide ugariz gozatu izan badugu ere, lasterbideak hartzen dira orgasmora eramango gaituzten ideiarekin. Laburbideek topaketaren aberastasuna gutxitzen dute, sorpresa kentzen eta, hasi baino lehen, erraz iragarri daiteke nola hasi, jarraitu eta bukatuko duen elkarketak. Gutizia bat errepikakorra bada, gutizia izateari uzten dio laster.

Berdin gerta daiteke plan berriak egiten ez direnean, leku, ordutegi edota jende berdinaz inguratzean. Formularen osagarriak aldatzea ezinbestekoa suerta daiteke askorentzat.

Orgasmoa bai ala bai lortu nahi izateak eta sarketak protagonismo handia izateak, efektu bera izan ohi du sarritan, interesa eta irrika gutxitzea.

Askotan, bikotekide baten desira gabezia gaitz bat balitz bezala ulertzen da, organismoari bitaminaren bat faltako balitzaio bezala. Hortaz badira, asmo onez, botikak, afrodisiakoak, ukenduak edota sarketarako bibragailu edota faloak erostera itxaropentsu joaten direnak. Desira falta duena piztuko duen botoia aurkituko dutenaren ideiarekin.

Bilaketa horrek, txiripaz, emaitza on bat izan dezake, baina hondamena ere erraz ekar dezake. Funtzionatzen ez dutela ikustean, pertsonak sexualki urritasuna dutela sentitzera heldu daitezke, eta haien bikotekideak hala balitz bezala tratatzera.

Formula magikorik ez da ezagutzen, bikote bakoitzaren historia bakarra da eta bikotekideak garatuz doaz aldi berean, gainera. Dena den, oso eraginkorra izan daiteke desira autentikoak ezagutu eta onartzea, eta ausardia pixka batekin, aurrera eramatea; esploratzen joatea, alegia.

Orokorrean, normalak garela sentitzeko eta giza-taldeetan parte hartzea merezi dugula pentsatzeko, gure desioak onargarriak izatea nahi dugu; hau da, politikoki zuzenak, ondo ikusiak. Oso sarritan, aldiz, desirak – benetakoak– ez dira 'desiragarriak', ez ditugu onargarritzat jotzen. Hau da, desiragarriak –egokiak– diren desirak nahi ditugu sentitu, baina gure benetako desirak ez dira desiragarriak –ez ditugu egokitzat epaitzen–. Horrela, ikertu daiteke sadomasokismoa intentsitate desberdinetan, animalien larruan (rolean) sartzea harremanak izateko, bertan ez dagoen norbaitekin fantaseatzea gure bikotekidearekin gaudenean, ohikotzat ez ditugun zuloak miatzea, genitalak ez diren gorputzeko atalen kontra elkarrekin masturbatzea...

Hitz batean, ongi ikusiak diren desioak desiratzera ez behartu, eta benetakoak direnak ezagutzeko aukerak sortu. 

Urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide