Sagarra

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Aizpuru 2014ko urr. 27a, 10:08

Osasunaren fruta deitzen diote hainbatek sagarrari. Dituen propietate dietetiko apartekoak querzetinari zor dizkio. Hainbat barazki eta fruitutan aurki dezakegu querzetina; propietate antioxidatzaileak ditu, eta hanturaren kontrakoak edo antiinflamatorioak ere bai.

Hainbat ikerketen arabera, sagar asko jaten dituzten pertsonek zenbait minbizi mota izateko arrisku gutxiago dute.
 
Pektinan ere aberatsa da sagarra. Zuntz begetal bat da pektina; idorreria saihesten, kolesterola jaisten edota odoleko azukrearen maila baxuak mantentzen laguntzen du. Azalean aurkitzen denez, fruta ondo garbituta jatea komeni da, intsektizida asko aurkitu daitezkeelako bertan. Beraz, sagar ekologikoak eta bertakoak aukeratzea da komenigarriena.
 
Sagarrak gordinik jatea beti da hobea, baina egosita edo labean erreta janez gero ere zenbait osagai ondo mantentzen dira; lehen aipatutako querzetina, adibidez. Sagar errea, gastritis eta ultzera kasuetan egokia da; eta konpotan, berriz, idorreria edota beherakoa izaten denean.
Testura eta zapore askotako sagarrak ditugu aukeran. Gurean oso ezaguna da errege sagarra, sagarretan erregea!
 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide