Bailarako autobus zerbitzua hobetzeko azken fasearen bilera egin zuten pasa den ostegunean, udaletxean. Bertan izan ziren azalpenak ematen Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, dozenaka herritarren aurrean. Besteak beste, iragarri zuten garraio publikoaren ordutegi berriak 2015. urtearen hasieran jarriko direla abian.
Autobus zerbitzua hobetzeko prozesuan, herritarrek egindako ekarpenen %75 onartu dituzte. Horrek, garraio publikoan %36 gehiago inbertitzea ekarriko du, eta 57 lanpostu sortuko dituztela iragarri dute. Horrez gain, Gipuzkoako garraioak informazio gehiago eta irudi hobeagoa izango duela esan du aldundiak.
Hauek dira herritarrek egindako eta aldundiak onartutako hobekuntza batzuk: ordutegiak luzatzea, ospitalera zerbitzuak areagotzea, herrietako jaietarako zerbitzua hobetzea, gauetako zerbitzuak indartzea eta garraioen arteko aldaketak bermatzea. Horiez guztiez gain, garraio publikoaren gaineko informazioa emateko modu egokiak aztertzea, autobus ahalik eta ekologikoenak erabiltzea eta autobus gidarien %40 emakumeak izatea lortu nahi du aldundiak.
Xehetasun guztiak Urola Kostako Hitza-ren webgunean.