Sokamutur txikian eta zezen txikietan jendetza bildu zen, saiheski eta oilasko erretzean generoa gastatu zen, eta Grand Prix jolasetan partaide ugari izan zen –jendeak esan digu hurrena apuntatuko direla eurak ere– eta zezen plazan ehunka eta ehunka lagun bildu ziren. (Uztarriaren argazki bilduma: 23 irudi eta Grand Prixari buruzko bideoa)
2008an sortu genuen Zezen Beltz, eta hasieratik esan genuen sokamuturra, kaleko zezena eta zezen giroa sustatzeko lan egingo genuela, betiko balioetan oinarrituta (tradizioa, parte hartzea, ganaduaren zaintza, herri giroa...). Helburu haiei erantzuten diete elkartearen asteburu hauek ere. 2009an hasi ginen antolatzen, eta VI.a izan da joan den aste bukaerakoa.
Ikusita herritarren aldetik zer harrera izan duen aurtengoak ere, lanean jarraitzeko indarra ematen digu horrek.
Herritarrei ez ezik, eskerrak eman nahi dizkiegu asteburuko babesleei, Azpeitiko Udalari eta hango langileei, eta ekitaldi hau antolatzen eta sustatzen laguntzen duten denei.
Azaroaren 15ean sokamuturra izango da Errebaleko festatan (larunbata, 16:30).
Pertsona batzuek egindako protestaz
Igandean Zezen Beltz VI. asteburuaren baitan Arzubia kalean zezen bolaztatuen ikuskizunean izandako protesta ekimena dela-eta honakoa azaldu nahi du Zezen Beltz elkarteak:
- Zezen bolaztatuak hastera zihoazela, hamar bat lagun kateatu egin ziren ganadu kamioiaren parean, eta ikuskizuna hogei bat minutu beranduago hasi zen (Ertzaintzak moztu zizkien kateak). Talde animalista bateko kideak zirela zioten. Zezen Beltzek errespetatzen du animalien eskubideen alde aldarrikapen ekintza egitea. Ez duguna ulertzen da zezen bolaztatuak bezalako ikuskizun bat eragotzi nahi izatea, ez zaigulako iruditzen "tortura" denik edo "tratu txarra" eragiten zaienik zezenei.
- Zezen Beltzeko kideek eta han ziren beste herritarrek neurriak hartu zituzten momentuko urduritasuna areagotu eta gertaera liskarrean buka ez zedin. Zorionez, protestagileen probokazio eta eraso saioek ez zuten erantzunik izan.
- Uste dugu asteburuko gertaerak gurekiko behar duten errespetua gainditu duela: gure kide batzuen etxeetan kartelak jarri dituzte, gure kartelak euren kartelekin estali dituzte, bultzatu egin gaituzte, probokatu, grabatu, igandean eraso egiteko jarrera azaldu zuten, iseka egin digute, eta mehatxuak iritsi zaizkie hainbat herritarri eta udal ordezkariri. Gure iritziz, guztiok merezi dugun errespetuaren muga gainditzea da hori. Herritarrei inolako probokaziotan ez erortzeko eskatzen diegu.
- Azpeitiko sokamuturrak ia 500 urteko historia dauka, sustraitua dago herritarren artean. Gainera, zezen bolaztatuen ikuskizunak bezala, kontrol arau guztiak betetzen ditu. Ganadutegiek ere zainduta hazten dituzten idiskoak-eta. Horrez gain, sokamutilek zezenarentzat babes neurriak hartzen dituzte sokamutur garaian: zezenak sokako topean minik ez hartzeko, haiek kalean denbora luzez ez ibiltzeko... Herritarren aldetik zezenen aurka objektuekin kolperik ez da izaten. Azken batean, zezen kultura bat dago Azpeitiko sokamuturrean, ez zezenak "torturatu" edo haiei "tratu txarrak" eragitekoa, eta gure elkarteak balio hori sendotzen segituko du.
- Zezen Beltz elkartea prest dago talde animalista hartako kideei hau guztia azaltzeko.
- Egun hauetan ere gure elkartea babestu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.