Udalbiltza diruz laguntzeagatik, Udalaren ebazpenaren aurka egin du Carlos Urkijok

Uztarria.eus 2014ko urr. 28a, 13:16

Azpeitiko Udalak Udalbiltza diruz laguntzeko erabakia joan den urteko azaroko udalbatzarrean hartu zuen, Bilduren aldeko eta EAJren eta Hamaikabaten kontrako botoekin. Udalbiltzak salatu du Urkijo "sistematikoki" ari dela helegiteak jartzen eta helburua dela "patzuergoa itotzea eta bere jarduna etetea".

Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok hainbat udalek Udalbiltza diruz laguntzeko hartutako erabakiaren aurka egin du, helegitea jarrita. Udal horien artean da Azpeitikoa ere. Orotara hamazortzi dira errekerimentua jaso duten Udalak, eta aurki hasiko dira epaiketak ere (aurreneko epaiketa azaroaren 11n abiatuko da, Irurako udal akordio baten aurka).

Udalbiltzak salatu du Urkijo "sistematikoki" ari dela helegiteak jartzen: "Udalbiltza Partzuergoaren aurrekontuak eta egintza administratiboak publikoak dira eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ageri dira. Partzuergokide diren 38 udalen kuotak eta udal batzuekin izenpetutako lankidetza hitzarmenak (iaz beste 38 udal) dira haren diru sarrerak. Finantzabide bakarrak horiexek direnez, helegite hauen bidez Espainiako Gobernuaren ordezkariak partzuergoa ito egin nahi du arlo ekonomikoan eta bere jarduna eten".

Azpeitiko Udalak Udalbiltza diruz laguntzeko erabakia joan den urteko azaroko udalbatzarrean hartu zuen, Bilduren aldeko eta EAJren eta Hamaikabaten kontrako botoekin. 

Uztarriak azaroko aldizkarian Urkijok Udalari jarritako helegiteen eta salaketen inguruko erreportajea kaleratuko du. Izan ere, agintaldi honetan sei salaketa, behintzat, jarri dizkio Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak Azpeitiko Udalari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide