Bertan Azpeitiko Merkatari Elkarteak deskontu kupoien kanpaina abiatu du, eta dagoeneko banatu dituzte herriko etxeetara. Elkarteko 53 saltokik hartu dute parte egitasmoan eta, besteak beste, erropa dendetan, kirol dendetan, oinetako dendetan, opari dendetan, bitxitegietan, parafarmazietan eta margo dendetan eskuratu ahalko dira azaroan nahiz abenduan (saltoki bakoitzaren arabera) deskontuak kupoiak erabilita. Deskontu kupoiak erabiltzeko ez da Bertan txartela eduki behar, eta deskontu kupoia erakustea nahikoa da beherapena egiteko.
Aurreko urteetan Azpeitian eta Urrestillan banatzen ziren deskontu kupoiak, baina aurten eskualde osora zabaldu dute ekimena. Bertanekoek jakinarazi dutenez, "elkarteak jakin badaki inguruko herrietako herritar asko Azpeitira etortzen dela erosketak egitera, eta beraz, haiek ere aukera izango dute beherapenez baliatzeko".
Azpeitian etxez etxe banatu dituzte kupoiak, eta gainerako herrietako bizilagunek gaurtik aurrera Urola Kostako Hitza-ren webgunean eskuratu ahal izango dituzte kupoiak.