Nola gogoratzen duzu Loreak filma egiteko aukera etorri zitzaizun eguna?
Jose Mari [Goenaga] eta Jon [Garaño] bistaz ezagutzen nituen Donostiatik. Hautaprobarako hots egin zidaten. Bi pertsonaiak egiteko proba jende dezenteri egin zioten; Itziar Aizpuruarena oso garbi zuten, baina beste biak aukeratzeko hautaketa egin zuten. Goizeko hamarretan egin nuen bi pertsonaietarako castinga. Handik hamabost bat egunera deitu zidaten Aneren papera egingo nuela esateko. Izugarrizko ilusioa egin zidan, azterketa bat edo selektibitatea gainditutakoan bezalaxe. Benetan ilusio handia egin zidan, poz handia hartu nuen.
Filmeko pertsonaiak zailtasun batzuk zituela esan duzu. Zergatik?
Oso pertsonaia barnekoia da: oso barrurakoa da, oso lotsatia, hitz egitea asko kostatzen zaiona, eta ez da ari oso momentu errazak pasatzen. Horrelakoetan, pertsonaia oso pasionala ez denean eta asko espresatzen ez duenean, oso zaila izaten da. Azken batean, interpretatzerakoan egon zaitezke sentitzen, baina horrek pantaila ez badu pasatzen, ez da ikusten; eta, horrelako sotilak diren pertsonaiek arrisku hori izaten dute askotan. Gutxirekin erakutsi behar da, eta ez ailegatzeko arriskua ematen du. Horren beldurra nuen. Baina, bai zuzendariek bai neuk bagenekien zer geneukan; haiekin konfiantza eduki nuen. Ikusi nuen haiei behintzat gustatzen zitzaiela nola ari nintzen, eta haiei kasu egin eta aurrera.
Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.