Gasteizen jazotako hilketa salatu dute dozenaka lagunek

Uztarria.eus 2014ko aza. 6a, 20:21

Pasa den astelehenean Gasteizen jazotako hilketa salatzeko elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek gaur, osteguna, plazan, Bilgune Feministak deituta. Izan ere, astelehenean Gasteizen indarkeria zantzuak zituen emakume baten gorpua aurkitu zuen Ertzantzak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez du kasuaz daturik eman, isilpean dutelako, eta hipotesi guztiak zabalik daude.

Mugimendu feministak genero idarkeriatzat jo du gertatutakoa eta Euskal Herrian aurten hil duten hirugarren emakumea dela jakinarazi dute. Bilgune Feministaren ustez, hilketa hauek ez dira kasu "isolatuak": "Bizi garen gizarte patriarkalean sortu eta garatzen diren botere harremanen ondorio dira. Egunerokotasunean ematen diren indarkeria matxista sotilen muturreko adierazpenak, hain zuzen ere". Horregatik uste dute "denon esku" dagoela halakoekin bukatzeko pausoak ematea, eta eta "egunerokotasunean ematen diren eraso guztiei erantzutea". Bilgunekoen aburuz, "ezinbestekoa da prebentzioan indarra jartzea, ez eremu sozio-politikoan soilik, baita bakoitzaren jardunean ere". Gauzak horrela, eskatu dute "egoera larriari modu pertsonal nahiz kolektiboan erantzuteko", eta autodefentsa feministarako deia egin dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide