Garañok eta Aranburuk 'Loreak' filma aurkeztu dute Azpeitian

Uztarria.eus 2014ko aza. 11a, 11:09

Loreak filma aurkezten izan ziren atzo Jon Garaño zuzendaria eta Nagore Aranburu aktorea, Soreasu antzokian. Pelikula eman ostean, solasaldi laburra eskaini zuten, eta ikus-entzuleen galderei erantzun zieten artistek. Jon Garaño zuzendariak azaldu zuen "oso gustura" daudela filmak etxean nahiz nazioartean izandako harrerarekin, eta eskerrak eman zizkien hara joan ziren herritarrei. Garañoren arabera, pelikularen istorioan sartzeko, "pazientzia apur bat" behar du ikus-entzuleak; baina hori izan zen beraien apustua, ez zuten lan arin bat sortu nahi.

Bestalde, Nagore Aranburu azpeitiarra ere "oso harro" sentitzen da filmaz eta bertan eginiko lanaz, erronka izan baita berarentzat Loreak-eko Aneren papera antzeztea: "Nire ibilbidean egin dudan lan zailenetakoa izan da, baina inoiz baino gusturago gelditu naiz emaitzarekin", esan zuen aktoreak.

Garañok eta Aranburuk loreek filmean duten garrantzia nabarmendu zuten. Haien arabera, pelikulak argi erakusten du osagai berak, loreek, zer sentimendu eta erreakzio sor ditzaketen pertsona desberdinengan. Horrez gain, filmeko istorioaz, testuinguruaz edo transmititu nahi izan dituzten sentipenez hitz egin zuten zuzendariak eta aktoreak. Aipatzekoa da atzoko emanaldian guztiz bete zela Soreasu antzokia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide