'Gure inguruari begirada bat' lehiaketako argazkiak abenduaren 5erako bidali behar dira

Uztarria.eus 2014ko aza. 11a, 16:46

"Azpeitiko natur txokoak" da aurtengo gaia, eta herrian naturaz jantzitako gune "politak eta bitxiak" ikusaraztea izango da txapelketaren xedea. Horretarako, hiru arlo landu daitezke: natura, arkitektura naturguneetan edota natura eta aisia.

Azpeitiko Udalak Gure inguruari begirada bat lehiaketaren XIII. edizioa antolatu du, Argazki Elkartearen eta Lagun Onak Mendi Bazkunaren laguntzarekin. "Azpeitiko natur txokoak" da txapelketako gaia, eta ezkutuan dauden txoko "politak eta bitxiak" aurkeztea izango da lehiaketaren helburua. Argazkiak abenduaren 5a baino lehen bidali behar dira Udaleko Ingurumen sailera. 

Hiru arlo landu daitezke lehiaketaren baitan:

  • Natura: herriko landareak eta animaliak biltzen dituen argazkia.
  • Arkitektura naturguneetan: gizakiak naturaren ustiapenerako eginiko eraikinak; hala nola, baserriak, txabolak, hesiak edo presak.
  • Natura eta aisia: herritarren aisia eta naturaren presentzia uztartzen dituen argazkia. Esate baterako, mendi buelta edo bizikleta txangoa.

Honakoa da argazkiak bidaltzeko prozedura:

  • CD batean bidali behar dira, 300mmx200mm-ko neurrian, 300 dpi-etara eta JPG formatuan.
  • Argazkiak identifikatzeko, lehendabizi hiru arloetako baten izena jarriko du egileak; ondoren, argazkiari jartzen dion izena edo leloa; eta, azkenik, argazki zenbakia. Esate baterako: "Natura_haizea_01" izan daiteke identifikazio izen bat.
  • Diskoa kartazalean sartu behar da, eta horrekin batera, orrialde batean, egilearen izen-abizenak, telefono zenbakia, nortasun agiriaren zenbakia, helbidea eta helbide elektronikoa bidali behar dira. Horiei erantsi behar zaizkie argazkien leloak eta irudiak non atera dituen egileak. Kartazalean ere jarri beharko da argazkien leloa.
  • Helbide honetara bidali behar da guztia: Ingurumen saila: Gure inguruneari begirada bat argazki lehiaketa. Plaza Nagusia 5, 20730.

Lehiaketako irabazleen izenak abenduaren 17an argitaratuko ditu Azpeitiko Udalak, eta urtarrilaren 8an egingo dute sari-banaketa. Sariak banatzerako garaian, honako irizpideak izango ditu kontuan epaimahaiak: garairekin duen lotura, originaltasuna, kalitatea eta gaurkotasuna.

Horrenbestez, bederatzi sari banatuko dira, 100 eurokoak. Izan ere, aipatutako esparru bakoitzean hiruna sari emango ditu Udalak: naturan, arkitekturan eta aisian. Pertsona bakoitzak bederatzi argazki aurkez ditzake, gehienez; eta sari bakarra jasotzeko aukera izango du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide