Bildutakoak biltzen

Erabiltzailearen aurpegia Alex Silva 2014ko aza. 13a, 11:40

Neguko gaugiroa dago kalean. Iluna, umela, behelainoa hiriko kale korapilatsuetan. Eraikin erraldoi baten atzeko aldeko ate ingurutik soinua entzuten da. Festa bat dirudi.

Atearen beste aldean argi horiz argiztatutako gela zabala dago. Egurrezko mahai borobilaren inguruan bospasei trajedun gizon eta beste horrenbeste eserleku huts. Ke ugari dago eta ia elkarren aurpegiak ez dira ikusten. Habanoak pixkanaka kontsumitzen dira hautsontzian ia bentilaziorik ez duen gela horretan.

Mahaian basoak eta gradu ugariko alkoholak ere ikusi daitezke, botila erdi-hutsen inguruan. Kartak ere badira tapete berdearen gainean.
Bertan daudenak pokerrean jokatzen ari direla dirudi, hori erakusten dute mahaiaren erdian dauden diru pilaketek.

Gelan ere badira emakumezkoak, baina ez dirudi kartajokoan ari direnen bikoteak direnik, ez behintzat epe luzerako bikoteak. Musikaren laguntzaz jokoan eta edaten ari direnak ongi pasatzen ari direla dirudi, barre algarak eta emakumezkoen keinu lirainak nabaritzen baitira tarteka.

Gelaren hondoan beste ate bat. Alboko gela ikusten da ondo itxi gabe dagoen atearen tartetik.

Lau gizon eta emakumezko bat daude bertan bilduta. Gizonezkoetako bat besteei Afrikako paradisuetara egindako bidaia kontatzen ari da.
Ongi pasa duela dirudi.

Azkenean, despatxuko eserleku nagusian dagoenak kontakizuna mozten dio, tiradoretik dokumentazioa ateratzen du.

— Badakizue, natur parkeko zingira inguruan 5 izarreko hotela eta 3 Michelin izarreko jatetxea eraiki nahi dute.

— Baina... ez da ezer gertatuko? Ez da nabarituko?... — dio gazteenak.

— Ez izan zalantzarik, dagoeneko dena lotuta dago. Baimenak lortzeko inbertsio txikia egin behar izan dugu, baina eraikuntza enpresakoek gastuak ordainduko dizkigute.

— Bai, hori espero dut, dagoeneko Gabonetako afari eta oporretan pentsatzen hasita nago, txarteletik tiratzen hasi beharko du. —Algara artean emakumezkoetako batek.

— Hori eginda dago, baina ez begiratu gastuei, ez erosi arkumea bakarrik! — Txaketa kendu ez duen mutil bakarrak.

Barre egiten dute guztiek. Gelara beste gizonezko bat sartzen da. Iritsi berria dela dio, baina ez du denborarik galtzen, txaketa barruko poltsikotik sobre zuri batzuk ateratzen ditu, bileran dauden bakoitzarentzat bana...

(Urola Kostako Hitza-n argitaratua, 2014-11-13)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide