Zuen falta

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alcedo 2014ko aza. 21a, 09:53

Juanma Carrillo Leon. Irunen jaioa, Azpeitira etorri zen bizitzera, emakume baten maitasun kausa, eta, ondorioz, bi seme alaba izan eta zaindu zituen. Lanak ematen ez zion poza familiak eskaintzen zion. Epaitegian ezagutu nuen, han lankide izan nuen, uztailean bihotzekoak eraman zuen arte. Juanma oso sentibera eta azkarra zen; gehiegi, egin behar zuen lanerako. 

Batzuetan aitortzen zigun ez zela pertsona sentitzen lanean, baina jarraian broma bat egiten zuen eta guztion barreak ezabatzen zuen esaldiaren gogorkeria. Lanean estresatuta zegoela ere esan zigun, baina zaila zen sinistea, hain kapaza izanik. Ez dakit nabaritu ote zuen ze inportantea zen niretzat; bere faltak jasanezina bihurtu du lana, orain ni ere pertsona txikiagoa sentitzen naiz lanean.
 
Beste lagun bat ere joan zait, baina oso gertu dut bere joana... gertuegi. Urrun, oso urrundik etorritakoak ginen biok adiskidetasun berrira... Bere bat-bateko heriotzak ez dit oraindik asimilatzeko aukerarik eskaini, eta are gutxiago, berak merezitako mezua adierazteko gaitasunik. Hitzak, hitz egiteak hurbildu gintuen, eta heriotzean hitzik gabe gelditu gara denok. Bai, bazekien irribarrea nola sorrarazi, seriotasuna baztertu gabe.
 
Batzuk betiko joan zaizkit, beste hauek auskalo: Rut, Galesera; Estibaliz, Londresera; Haritz, Oslora; Garikoitz eta Jagoba, Australiara. Haiek dira PPri gustatzen zaizkion gazte abentura zaleetako batzuk. Baina joan dira, hemen ez zeukatelako bizimodu duinik. Euren eta gure itxaropena, herrian berriro ikustea. Zer gerta dakioke herri bati gazteak falta direnean? Irailean beste bost gazte indarrez eraman zizkiguten, Loiolako herri harresia puskatuz. Pobrezia eraiki dutenak libre dauden bitartean, gazteak espetxeratu dituzte, konprometituak izateagatik.
 
Azken hilabeteetan falta gehiegi izan dira nire inguruan. Ustekabeak eta ulergaitzak denak. Zuentzat eta zuen familientzat nire omenaldi txikia.
 
Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide