Zein da Azkoitiko eta Azpeitiko Hezkidetza Foroaren zeregina?
Axier Baglietto: Azkoitiko eta Azpeitiko eskolak, bi udaletako berdintasun sailak eta Azpeitiko gazteria zerbitzuak biltzen dituen espazio bat da. Herrian ere berdintasunaren inguruan eragileak aktibatzea du helburu. Eragileak bilduz eta bakoitzak hezkidetza aldetik zer egin dezakeen partekatuz eta elkarrekin gauzak eginez. Bertatik hainbat proiektu atera dira jada: jolas denborari lotuta, jolas kooperatiboen egun bat antolatzen hasi gara, baloia pixka bat baztertuz eta jolas espazioa modu hezkidetzaile batean antolatuz.
Azaroaren 25ari lotuta mahai ingurua antolatzea ere foro horretatik sortu da, ezta?
A. B.: Bai, forotik sortutako beste ekintza bat da. Iaz, ikasle bat bortxatzen saiatu ziren. Orduan, ikasle horren eskolan erantzuna izan zen, eta lanketa bat egin genuen ikasle eta gurasoekin, baina beste eskoletan ez zekiten oso ondo nola jokatu, eta denon artean protokolo bat egitea pentsatu genuen, era horretako gertaeren inguruan erantzun bateratu bat emateko. Ondorioz, testu bat adostu genuen, indarkeria matxistaren irakurketa bat eginez eta nolabaiteko gutxieneko konpromiso batzuk hartuz, horrelako gauza bat gertatzen denean nola erantzun jakiteko. Gero, gurasoentzako mahai inguru bat antolatzeko ideia bururatu zitzaigun. Eta egin egingo da.
Gazteak eta indarkeria matxista da mahai inguruko gaia. Nolakoa da egoera gazteen artean?
A. B.: Gazteen egoera jendartearen egoera dela esango nuke, ez da asko desberdintzen. Askotan, gazteez hitz egiten dugunean, gugan ikusten ez ditugun gauzak ikusteko joera dugu haiengan. Baina jendartearen ispilu dira. Oraindik indarrean daude nesken eta mutilen rolak eta estereotipoak: nesken eta mutilen izateko moduak, zer dagoen debekatuta bakoitzarentzat, zer den neska eta zer mutil izatea... Horrek berdin jarraitzen du. Bestalde, indarkeria matxista elementu bakana balitz bezala ikusten da: bikoteetan gertatzen den zerbait, norbanakoaren arazo bat ia-ia; estrukturala zer den aintzat hartu gabe, jendarte honetan gizon nahiz emakumeak zein egoera desberdinetan gauden eta zer sozializazio prozesu desberdin jasotzen ditugun ikusi gabe. Horregatik, kolpeak edo tratu txar psikologiko batzuk indarkeria matxista gisa identifikatzen dituzte, baina gainontzeko indarkeria estruktural guztia ez.
Elkarrizketa osorik Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.