15 urte bete ditu Uztarria Azpeitiko herri aldizkariak hilabete honetan. Horren harira, eta kazetaritzak urteotan izan dituen aldaketak-eta kontuan hartuta, Uztarria Komunikazio Taldeak mahai-ingurua prestatu du gaurko (asteartea).
Kazetaritza gaur egun. Komunikatzeko moduak, tresnak, subjetuak... izenburupean izango da solasaldia 19:30ean hasita, Sanagustin kulturgunean. Enekoitz Esnaola Berria-ko kazetaria, Lander Arbelaitz Argia-ko kazetaria, Nekane Zinkunegi Info7-ko kazetaria eta Luistxo Fernandez Codesyntax enpresako kidea izango dira hizlariak. Moderatzaile lanak, berriz, Eneritz Albizu Uztarriako kazetariak egingo ditu. Erlo telebistak streaming bidez zuzenean emango du mahai-ingurua eta atari honetan, Uztarria.com-en, ere ikusi ahal izango da zuzenean.