Sormen Literarioko Saria eskuratu du Koldo Azkune azpeitiarrak

Nafarroako Gobernuak ematen duen Sorkuntza Literarioko Saria irabazi du Koldo Azkune Etxebarri azpeitiarrak, Garatea nobelarekin. Literatur sormena eta publikazioa du helburu sariak. Azkunek 3.000 euroko saria jasoko du, eta nobela publikatuko diote. Argentinar batek bere sustraien bila Nafarroara egiten duen bidaia kontatzen du Garatea nobelak, umorez.

Nafarroako Gobernuak emandako informazioaren arabera, 19 nobela aurkeztu dira aurtengo edizioan, eta azpeitiarraren lana jo dute onentzat. Gainera, aho batez hartu dute erabakia.

Nafarroako Gobernuak urtero egiten du sariketa. Baina ez ditu beti nobelak saritzen, saiakera eta narratiba lanekin partekatzen ditu nobelei emandako sariak, txandaka, urtero diziplina bati.

Koldo Azkune (Azpeitia, 1971) Iruñean bizi da duela bost urtetik. Kazetaritzan lizentziatua da, eta hainbat komunikabidetan egin du lan. Hau, bere aurreneko nobela da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide