Ez nuen asko behar izan informazio bila hasteko. Bai Bruce Leeren inguruan, bai bere esanaren gainean. Eta nire ustez arte martzialetako pelikuletan aritzen zen aktore xinple bat zena, filosofian eta pentsamenduan aditu zela jakin nuen, eta bere esaldi horrek bere filosofia bitxia laburbiltzen zuela. "Hustu zure burua, izan zaitez ura bezala, formarik gabekoa eta moldagarria. Ura taza batean jartzen baduzu, taza bihurtzen da; botila batean sartzen baduzu, botila bihurtzen da, teontzi batean sartzen baduzu, teontzi bihurtzen da. Ura jarioan joaten da edo kolpeak eman ditzake. Izan zaitez ura, lagun".
Uraren jarioari segituz, Masaro Emotorengana iritsi nintzen. Japoniarra bera, Nazioarteko Harremanetan aditua eta Medikuntza alternatiboan lizentziatua, honako teoriarekin egin zen ezagun: urak, hitz, irudi, soinu edo zarata ezberdinen arabera, forma ezberdinak hartzen ditu. Esperimentu bat egin zuen hori erakusteko: ura ontzi ezberdinetan jarri zuen, eta bakoitzari marrazki, hitz, musika eta doinu ezberdin bat jarri zizkion, eta ondoren mikroskopioarekin aztertu zuen zer gertatzen zen. Konturatu zen doinu, hitz edo irudi atseginak jarritako urek itxura ederra hartzen zutela; soinu, hitz edo irudi ezatseginak jarrita, berriz, forma itsusiak.
Emaitza horiek eskuan, haratago joan zen Emoto eta honakoa adierazi zuen: gu, gizakiok, %70-80 urezkoa baldin bagara, eta jaten eta edaten dugunaren zati handiena urezkoa bada, argi dago: hitz, soinu edo irudiek zuzen-zuzenean eragiten digute. Alegia, hitzekin, musikarekin, edo irudiekin, aurrean dugunaren izaera aldatzeko ahalmena dugula, eta aurrekoak gurea moldatzeko gaitasuna. Zalaparta sortu zuen Emotoren teoriak bere garaian, eta zientziaren komunitateak iruzurgiletzat ere jo izan du, baina aldekoak ere baditu, eta asko.
Lee eta Emoto, biak izan ditut gogoan egunotan. Aztoratuta darabilzkit inguruak, eta udazkena berotik doalako edo auskalo zergatik, eztabaida, ika-mika eta egonezina nabaritu eta sentitzen ari naiz behin eta berriz. Suak piztu, suak itzali, ametsak sortu, ametsak zapuztu… hor gabiltza, ezin asmatuta. Eta irtenbide bila, proba egitera ausartu naiz. Batzuei zorrotz, oldarkor eta builan erantzun diet, eta astebetetik gorako muturrak izan ditut ordainetan.
Beste batzuei, berriz, goxo, lasai, eta umorez egitea erabaki dut, eta erraz konpondu ditugu konpondu beharrekoak; orain arte kasurik egiten ez nien batzuei kasu egiten hasi eta berriketan gabiltza azkenaldian, eta lehen sarriago deitzen nienei deitzeari utzi eta bueltan ez dut albisterik jaso.
Ez dakit non dagoen zientziaren, filosofiaren eta sinesmenaren arteko muga. Urak dena konponduko duela sinestea kostatu egiten zait, baina zerbait egon badagoela ezin ukatu. Bruce Leeren bideoa berreskuratu dut Youtuben, eta zenbat eta gehiago ikusi, orduan eta gehiago liluratzen nau.
Bere hitzen indarrak indartu egiten naute, ura banintz bezala. Eta hara, bere irudia eta esaldia erabili zuen autoaren iragarkiari esker salmentak %73 hazi zirela irakurri dut ekonomia egunkari batean. Probatzen jarraituko dut. Ahal bada, onetik, urrutira joan gabe, gure etxean beti esan baitigute onetik askoz gehiago lortzen dela txarretik baino. Nahiz eta gero odol beroak izan. Eta txarretik ere jardun.
Be water, my friend.
Estitxu Elduaienek Urola Kostako Hitza-rako idatzitako iritzi artikulua.