Eskerrak eman nahi dizkiet, publikoki, bilera eskatu nien unetik beretik sustatzaile horien aldetik izan dugun jarrera eta erantzun positiboagatik. Bileran egin genuen ordu eta erdi luzean egoeraren berri zehatz eta mehatza jaso genuen eta elkarlanerako izan litezkeen bideak ere aztertu genituen.
Ondo dakit, bai, zein neurritakoa den une hauetan, etsipenean erori gabe, denak jartzen ari diren ahalegina, kemena eta gogoa, hartzekodunen lehiaketa edota beste erabakiren bat exekutatzea ekarriko duen epai baten zain dauden bitartean, enpresa horrentzat bigarren aukera bat gauzatzen hasteko. Baina, aterako den epaia edozein eratakoa izanda ere, erabakigarria izango dena, Azcue y Cia enpresarentzako etorkizunaren bila pertsona horiek –beraien etorkizuna ere lantegiarenarekin elkartuz–, agertu duten konpromiso eta inplikazioak nire hurbiltasuna, sintonia eta miresmena agertzera bultzatzen nau. Azpeitiaren izaeraren erakusle beti izan den izaera ekintzaile horren adibide ezin hobea baita. Batzuen ekimena eta kemena, eta gehiengoaren laguntza eta konpromisoa –azpimarratu egin nahi ditut kontzeptu horiek– eta ez beste gauza batzuk, dira gaur egun ditugun bizi-maila eta gizarte-ongizateko neurriak lortzeko aukera eman digutenak.