Arnasguneei buruzko tailerrak Urola ikastolan

Uztarria.eus 2014ko abe. 2a, 17:46

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) bidez, arnasguneei buruzko tailerrak egin dituzte gaur, asteartea, Azpeitiko Urola ikastolako ikasleek. UEMAk eta Urola ikastolak hala adostuta, DBH 4 mailako ehun ikasle inguruk hartu dute parte tailerretan. Lau taldetan banatuta, bi orduko bina saio egin dituzte. UEMAko teknikariek gidatuta, euskararen eta arnasguneen inguruan hausnartzen aritu dira ikasleak. Hainbat ondorio atera eta euskara sustatzeko konpromiso zehatzak hartu nahi izan dituzte gazteek. Honako hau da UEMAri bere webgunean jartzeko eta sare sozialen bitartez zabaltzeko igorri dioten gutuna:

"Gu DBH4ko ikasleak gara. Azpeitiko Urola ikastolako ikasleak gara eta arnasguneei buruzko tailer bat jaso dugu. Arnasgune puruenean bizi garen gazteak garenez gero, hau da gure iritzia:

Euskara gure altxorra da eta gure ondorengoek erabil dezaten mantentzen saiatu behar gara.

Horretarako, herritar, gisa, badira egin ditzakegun hainbat gauza. Hala nola; leku publikoetan lehen hitza euskaraz esan, lagun artean euskarazko esamoldeak erabili eta "euskañola" baztertu, aldizkariak, liburuak eta abar euskaraz irakurri.

Gauza hauek guztiak eginda ere, babes politikoa jasotzen ez badugu ezingo du aurrera egin euskaldun guztiok nahi dugun herri euskaldunak. Izan ere, zoritxarrez (garrantzi handia du udalak ematen dion babesak euskarari) ez dugu nahi dugun babesa jasotzen alderdi poltikoen aldetik eta honek aldatu egin behar du.

UEMA-ri txalotzen diogu egin duen lan guztia." 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide