Ezin izan du Sammic ISBk bolada txarrarekin amaitu

81-75 galdu du Iker Buenoren taldeak Zornotza Saskibaloi Taldearen aurka. Laugarren porrota jarraian jasanda sei garaipeneko eta lau porroteko balantzea du talde azpeitiarrak.

Jardunaldia, lehenengo derbia eta hiru partidu jarraian galdutako bolada txarrari amaiera emateko aukera zuen Sammic ISBk Zornotzan. Baina, partidu osoan irabazteko aukerekin egon ostean azken laurdeneko bost hiruko jaurtiketekin Zornotza Saskibaloi Taldeak bere alde okertu du balantza eta 81 eta 75 irabazten amaitu du. Horrela, Iker Buenoren eta Xabi Chicoren taldeak sei garaipeneko eta lau porroteko balantzea dauka.

Partidua hasi denetik garbi gelditu da partidua oso berdindua izango zela. Sammic ISBk kontraeraso azkarrekin erraz saskiratzen zuen, baina bestalde, bost bosteko erasoetan arazo gehiago zituen saskiratzeak lortzeko. Defentsan, berriz, etxeko taldea nahiko erraz sartzen zen kanastaraino eta ez zuen zailtasun gehiegi jasaten Iraurgiko defentsen aldetik. Horrela, bi taldeetako inork ez du izan partiduko kontrola  eta alde bateko eta besteko saskiratzeekin berdinduta iritsi dira laurden amaierara: 17 eta 17.

Bigarren laurdena hobeto hasi dute Sammic ISBko mutilek. Rigoberto Mendozaren bi hirukori esker bi eta zortziko partziala egin du kanpoko taldeak eta Mikel Garitaonandia entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan du (19 eta 25). Horrek paperak guztiz aldatu ditu eta 4 eta 0 azkar batekin berriro partiduan sartu dira Zornotzakoak. Laurden erdira iritsi direnean, ordea, gure taldeak bost faltak eginak zituen – aurkariek lehena egin dute. Hortik aurrera, partzial txikietara itzuli dira bi taldeak. Etxeko taldeak aprobetxatu egin ditu jaurtiketa libreak, baina, azken segundoan Imanol Zubizarretak sartutako saskiratze bati esker 37 eta 36 amaitu da bigarren laurdena.

Aldageletatik itzuleran kontzentratuago hasi dira Zornotzako mutilak. Sammicekoak defentsan berandu ibili dira bigarren laguntzetara iristeko eta hori aprobetxatuz, etxeko taldeak 8 eta 2ko partziala egin du. Alde egin aurretik, Buenok hutsartea eskatu du eta bere taldea partidura itzuli du. Hutsarte ostean, 0 eta 6 eginez erantzun dute azpeitiarrek eta berriro puntu batera gerturatu dira. Etxekoek, ordea, ez zeukaten partidu hori galtzeko gogorik eta beste 8 eta 2ko partziala egin dute (53 - 46). Hala ere, gureek ez dituzte besoak jaitsi eta partidua galtzeko asmorik ez zutela eta beste 0 eta 6ko partziala eskuratu dute.  Azkenean, 56 eta 56 adierazten zuen markagailuak eta azken 10 minutu guztia erabakitzeko.

Laurden erabakigarria saskiratze trukearekin hasi da bi taldeen aldetik. Horrela ibili dira hiru minutuetan. Hutsartea egon da Larrea kiroldegian eta etxeko taldearen defentsa aldaketari hiruko batekin erantzun dio Ander Arrutik. Hiruko horrekin, baina, etxeko taldea piztu egin da eta hiruko marratik guztia asmatzen hasi da. Azken minutu horietan bost hiruko sartu ditu etxeko taldeak eta Sammic ISBk, saiatu arren, ezin izan dio horri erantzun. Etxeko taldeak oso ondo mugitu du baloia eta aukeraketa onak eginez, eta Ibon Carretori esker, tartea zabaldu du. Gureek ez dute asmatu horri amaiera ematen eta azkenean 81 eta 75 amaitu da partidua.

MVP: Ander Arruti. 18 puntu sartuta, 2 errebote jasota, 2 asistentzi emanda, 3 baloi lapurtuta, tapoi bat jarrita eta 6 falta jasota: 26 puntuko balorazioarekin.

Saskiratzaileak: 17-17/20-19/19-20/25-19.

ZORNOTZA SASKIBALOI TALDEA: Quero (9), Borovnjak (10), Carreto (17), Bowman (20), Garcia (18) – hasierako bostekoan – Estalayo (3), Mendia (2), Salazar, Cruz (2). 

SAMMIC ISB: Arruti (18), Ucles (15), Zubizarreta (6), Oroz (2), Garrett (2) – hasierako bostekoan –Ugarabe (3), Caramasa, Iradier, Urtxulutegi, Mendoza (17), Mayer (13).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide