EH Bildu ari da. Aldaketaren haria da. Baina EH Bildu gu gara, herritar asko gara. Beraz, ari gara. Azpeitia aldatzen ari gara, eta horretan jarraitu behar dugu.
Horretarako, Puntuz Puntu izenpean programa osatzeko prozesua jarriko dugu martxan. Horri, urtarriletik aurrera arlokako prozesu desberdinak abiatuz helduko diogu. Helburua herritarren nahiz herriko eragileen ideiak eta ekarpenak jasoz herri programa osatzea izango da.
Baina Puntuz Puntu prozesua hasi aurretik baditugu alor guztiei eragiten dieten gaiak ere. Transbertsalak direnak. Hala nola, parte hartze politika eta herri antolaketa. Bi gai horien inguruko hausnarketari abenduan ekingo diogu. Abenduan egingo ditugun bi batzarretan.
Zeintzuk dira azpeitiarrok behar ditugun azpiegiturak? Zer egin behar dugu Azpeitiak dituen eraikin hutsekin? Nolako proiektuekin, nolako ametsekin bete behar ditugu eraikin horiek? Nola baliatu behar ditugu guzti horiek azpeitiarron mesedeta jartzeko? Hirigintza herritarren mesedetan jartzeko erronkari ari gara erantzuten. Eta orain, guztion ekarpenen bidez bultzada berria eman nahi diogu. Galdera horien inguruan hausnartu eta ideiak konpartitzeari, abenduaren 10ean egingo dugun batzarrean ekingo diogu.
Abenduaren 17an, berriz, parte hartze politika izango dugu eztabaidagai. Nolako urratsak eman ditugu azken urteotan? Sortu diren parte hartze tresnek bermatzen al dute benetako parte-hartzea? Zeintzuk dira sumatzen dizkiogun hutsuneak? Nola hobetu dezakegu Udala eta herritarron arteko elkarlana?
Ezkertiar eta abertzaleon bilgune izateko erronka du EH Bilduk. Eta horretarako, zuek guztion, gu guztion, ekarpenak jasoz egin behar dugu aurrera. Gizon ala emakume, zahar ala gazte... elkarlana sustatzeko ari gara lanean!
Abenduan egingo diren bi batzarrak:
- Abenduak 10, asteazkena: 'Nolako azpiegiturak behar ditugu azpeitiarrok?' izenburupean, 19:00etan, Baigeran.
- Abenduak 17, asteazkena: 'Benetako parte-hartzea erronka' izenburupean, 19:00etan, Baigeran.