Izan ere, egunerokoan, sistema politikoak, legediek eta botereak duten funtzionamendua ulertzea ez da erraza; antolatuta dauden moduan, zaila jartzen baitigute errealitateak nola funtzionatzen duen ikustea. Itsu gaude ia eta, Platonen haitzuloan bezala, zertzelada batzuk jaso ditzakegu komunikabide kritikoenei esker, liburuetan edo artean, baina hala ere kontzeptu eta ideia juridiko eta politiko hainbaten atzean dagoen edukia jakitea zaila bihurtzen da, gutxienik. Justizia? Boterea? Legea? Konstituzioa? Gizarte zibila? Eskubideak? Politika? Demokrazia? Parte-hartzea? Nahikoa da esatea, hasteko, gure egunerokoaren funtzionamendua guztiz araututa dagoela. Kaña bat eskatzea ere bai, laostia da.
Eta boterea?
Ez naiz, hala ere, eman ezin ditudan azalpenetan nahastuko. Kontua da, sistema deitzen diogun horren funtzionamendua haren gidaritza daraman jendeak –gutxiengo elite formatua– goitik behera kontrolatzen duen bitartean, guk egunerokoaren funtzionamenduaren frakzio txiki-txiki-txiki bat besterik ez dugula kontrolatzen. Edukiontzia ezagutzen dugu, baina ez dakigu barruan dagoena zer den. Adibidez, goian planteaturiko galderei erantzuteko gaitasunik ba ote dugu modu nahiko homogeneo batean, edo zehaztasunez? Ez dut uste. Geure uste onenarekin edo gure uste hutsarekin erantzungo ditugu. Kontzeptuak ezagun zaizkigu, edukiak ez. Bakoitzak nahi bezala bete ohi dugu kaxa, ikuspuntuaren arabera. Denak balio du. Hasieratik, bat eta huts galtzen.
Boterea arautegi, parlamentu eta epaitegietan banatu zuen Montesquieuk betebehar horretan ondo asmatu zuela saldu arren, boterea esparru horietan zein hortik kanpo dagoen zerbait da –ondo asko zekien kabroi hark–. Horrela, nahiz eta konstituzioak teoriajn oinarrizko eskubide batzuk bermatu, eta boterea antolatzen duen, hitz eder eta politez, justuz eta demokratikoz, eta araudiek balio goren eder horiek garatu, egunerokoan ez da hori islatzen, inondik inora. Arazoak, bortxa, gatazkak, bata bestearen atzetik, zergatik?
Ba, funtsean boterea ez delako finkoa den zerbait, lotu daitekeen animalia bat. "Poder es poder matar", eta punto. Mugikorra da, aldakorra, eta eskutik eskura pasatzen da. Aberastasunarekin edo poliziarekin lotzen dugun arren –arrazoi guztiz egin ere–, boterea norbanakoak du ataka edo gatazka baten aurrean aurkitzen den bakoitzean; zerbait erabaki behar den bakoitzean, alegia. Horregatik hilketak, eta genero indarkeria, esaterako. Boterea esfera sozial guztietan dago, eta zer den jakin ezean, ezin da kontrolatu, eta jakinda ere... (jarraitu egin beharko du ba)
Abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.