Arkuak

Erabiltzailearen aurpegia e 2014ko abe. 12a, 09:33

Entzun dudana: "Nik, plaza nolakoa nahi genuen bozkatu genuenean, irabazi zuen proiektuari eman nion nire bozka, besteak beste, azoka plazako arkuak zituelako erakutsi ziguten proiektuaren argazkiak. Imaginatzen dut ez nintzela bakarra izango, bozka emateko orduan irizpide hori kontuan hartu zuena. Eta orain, bota egin dituzte arkuak, inori ezer kontsultatu gabe. Hor ere ez ote genukeen herritarrok erabaki behar? Herria, partaidetza, erabakia, eta antzeko hitzak erabiltzen dituzte, baina gero nahi dutena egiten dute".

Entzungo duguna: "Plazako proiektua gauza bat da, eta beste gauza bat da azoka plazako proiektua. Ez dauka batak bestearekin zerikusirik. Azoka plazako proiektua erabakita zegoen, eta herri-galdeketa egin zenean erabaki zena plazako proiektua izan zen. Proiektuak egin dituztenek erabaki zuten nola aurkeztuko zuten argazki hori, eta irabazleak erabaki zuen oraingo argazki batean oinarrituta egitea aurkezpen hori".

Entzungo ez duguna: "Bai, onartzen dugu, herri-galdeketaren balorazio positiboa egin genuen, baina gaizki ere egin genituen gauza batzuk. Aurkeztu genuen proiektu bakoitzeko argazki bat baino gehiago erakutsi behar genituen, informazio osoagoa eman, montaje diferenteak eginda: proiektu bakoitza nola geratuko zen kioskoarekin, kioskorik gabe, oinezkotuta, oinezkotu gabe, eta abar. Gainera, hiru proiektu zirenez, bigarren buelta egin beharko genukeen, azken emaitza boto bakarrak erabaki zuela kontuan hartuta, edo beste era bateko bozketa proposatu behar genukeen hasieratik. Eta herritarrek erabaki beharko zuketen azoka plaza berrituak nolakoa izan behar duen".

Abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide