Bihar, abenduak 13, ospatuko du Iraurgi Ikastetxeak aurtengo Gabon jaialdia. Urtero bezala, maila eta adin ezberdinetako ikasleek musikaz eta koreografiaz hornitutako hainbat saio eskainiko dituzte. Jaialdia Izarraitz pilotalekuan izango da, 17:00etan hasita.
Ikastetxeko arduradunek jaialdira ikusle gisa joango diren guraso eta bestelakoei zuzendutako hainbat gomendio eta ohar plazaratu dituzte. Honako hauek, hain zuzen:
- Jaialdian parte hartuko duten ikasleak 16:30ean sartuko dira frontoira, beheko sarreratik (Egaña gozotegiaren ondokotik). Ikusleak, aldiz, goiko sarreratik (Santutxotik) sartuko dira, edo behekotik, baina ikasle guztiak sartu ondoren bakarrik.
- Kantxako sarrera ikasle, irakasle, tekniko, segurtasun eta larrialdietakoentzat erreserbaturik egongo da.
- Argazki eta bideo kamera partikularrak ikuslegoaren tokitik bakarrik erabili ahal izango dira.
- Segurtasunekoen aginduak zehatz-mehatz beteko dira.
- Ikasleren bat jaialdia bukatu aurretik atera behar bada, guraso elkarteko arduradunei eskatu beharko zaie.
- Jaialdi bukaeran, ikasleak honela aterako dira: txikienetatik hasita 3. mailara bitartean, ikasleak kantxan egongo dira iladan tutoreekin, eta arduradun bat eskaileretatik kantxara jaitsiko da umea jasotzera, ikastetxean eman zaien txartela erakutsiz; 4., 5. eta 6. mailetakoak kantxatik parke aldera dagoen atetik irtengo dira. Ikaslerik jaso behar ez dutenak Santutxo aldetik aterako dira. Igogailua behar dutenak, berriz, Egaña aldera aterako dira.
- Behar duenarentzat, Jesuitinetako patioan aparkatzeko aukera izango da.