Getafera itxura aldatzeko asmotan

Sammic ISBk Viten Getaferen aurka jokatuko du gaur, asteazkena, 19:30ean. 

Partida garrantzitsua jokatuko du gaur, asteazkena, Sammic ISBk Getafen. Igandeko partidaren ostean prestaketetarako denbora gehiegi izan gabe bidaiatuko dute Iker Buenoren mutilek Madril aldera, 19:30ean Viten Getaferen aurka neurtzeko. Pasa den asteko partidan emandako itxura aldatzeko asmotan joango da ISB Getafera, eta helburua bolada txarrarekin amaitzea izango dute. 

Viten Getafe sailkapeneko hamaikagarren postuan aurkitzen da, baina Sammic ISBk adina porrot jasan ditu: bost. Horrek erakusten du klasifikazioa zein berdindua dagoen Zilarrezko Adecco mailan. Gureek baino partida bat gutxiago jokatu dute, eta horrek eraman ditu beheko postuetara. Azken bi partidak galduta iritsiko da, ordea, Armando Gomezek zuzentzen duen taldea.

Roland Smits da taldeko liderra, hegaleko letoniarrak 28 minutu jokatzen ditu bataz beste partidako, eta denbora horretan 16,6 puntu sartu, 4,7 errebote jaso, asistentzia bat eman eta 3,6 falta jasotzen ditu. Guztira, 12,3ko balorazioarekin, taldeko jokalaririk onena da zenbakien arabera. Bestetik, Boubacar Moungoro hegalekoa izango da ondo defenditu beharreko gizona. Hark 26 minutu pasatzen ditu kantxan bataz beste, eta 13,4 puntu sartu, 4,2 errebote jaso, 1,4 baloi lapurtu eta guztira 10,3ko balorazioa du. Hirukoen ehuneko ona duen taldea da Getafe, eta beraz, garrantzitsua izango da jokoaren alde hori ondo zaintzea.

Gogotsu daude Iraurgi SBko mutilak egoerari itzulia emateko. Beraz, ahal duten guztia egingo dute lehenagoko jokoa aurkitu eta talde moduan, berriro, garaipena eskuratzeko.

Egurre Sammic ISB!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide