Gipuzkoako Foru Aldundiak frankismo garaian bortxazko lanetan aritu behar izan zuten presoak eta haien senideak omendu zituen atzo, asteazkena, egindako ekitaldian. Oiartzun inguruan bortxazko lanetan aritutako Guillermo Aizpuru Irunen bizi zen azpeitiarra eta Itziarko bataloian bortxazko lanak egindako Marcelo Usabiaga ordiziarra omendu zituzten.
Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak eman zion hasiera ekitaldiari. Ondoren, Marcelo Usabiaga omenduak eta abenduaren 3an hil zen Guillermo Aizpururen biloba Oinatzek hartu zuten hitza. Omenaldiari amaiera Martin Garitanok eman zion, eta hala adierazi zuen Gipuzkoako ahaldun nagusiak: "Eta gure herrian, Europa Mendebaldean, urte batzuk direla -eta ez dira horrenbeste urte- asklatasuna eskuratu asmoz, esklaboak ziren askatasuna lortzeko bideak. Errepideak egitera behartuak. Eta gaur, gu guztion lotsarako, esklabistak omenduak dira eta esklaboak bide bazterrean ahaztuak. Gaur hemendik, ordea, bihoakie, bada, gure errekonozimendu eta esker ona euren gazte garaia eta baita bizia bera ere gu guztion askatasunaren alde eman zutenei. Eta, mespretxurik latzena eta esklabismoari, esklabistei, urrezko dominak eskaintzen dizkietenei".
2013ko maiatzean ere jaso zuen Kattin Ttiki elkartearen, Oiartzungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aitortza Aizpuruk.
Guillermo Aizpuru Eusko Gudarostean boluntario aurkeztu zen, eta gero Trabajadoreetan ibili zen. Uztarriak 2007ko martxoan elkarrizketa egin zion Aizpururi.