Esaera ere bada, ingelesez, nor bere botak jantzita hiltzea. Halaxe hilko gara gu, hilko gaituzte gu: bizikleta gainean harutz eta honutz gabiltzala deserri honetan. Gure heriotza ez da heroikoa izango, ez dugu poema mereziko: "Batzuk sorlekutik hurrin hiltzen dira / derrigorrez. / Ataut batzuk sehasketatik hurruti / behar dira jarri. / Gu ez gara Igorretan hilgo, hareatzan eroriko gara / gerlan jaurtiriko gezia lez. / Selban hobiratuko gaituzte, lehengusu eta lagunen / gutunez estalirik. / Haizeak gure errautsak eramanen ditu, beste hizkuntzaz / mintzo diren ezpainetaraino. / Gure aitaren etxeak zutik iraunen du / gu gabe".
Bagdadeko morroia bezala
Batzuk sorlekutik urrun hiltzen dira, eta halaxe hilko gara gu, nahitaez, sorlekutik urrun eta aparte, bizikleta gainean. Halako egun batean, astelehen buruzuria egun hura, hiru aldiz ere eraman gintuzten ia-ia hankaz aurrera. Ez uste, hala ere, gidaria gelditu eta begiratu ere egin zigunik. Gidaria beti 'bere' bidean itsu, bere bidea gurea ere baden arren. Errobera joko digute, batean. Bestean, kaminotik espaloira bota nahiko gaituzte. Hurrena, espaloikoak bota nahiko gaitu kotxe arteko gerrara. "Alde paretik! Kendu hortik! Joan hadi espaloitik! Joan hadi kaminotik! Beti enbarazuan zuek!". Loreak biltzen sekulakoak gara. Herriko kale guztiak estaliko genituzke lorez eta abarrez.
Bagdadeko morroia bezala bizi gara, heriori ihesi. Eta, hemen, beti edo gehienean, ibilgailu asasino itxura hartuta dator herio. Hainbestean bizi gaituzu, bizi izan gaituzu orain arte. Ezin jakin hurrengo hitzordura ailegatuko garen. Ez dago jakiterik bizirik ailegatuko garen datorren hilabetean orrialde honetara. Ni, zuen bezean, erreleboa pentsatzen hasiko nintzateke. Edo, aberastu nahi izatekotan, bizitza-asegurua kontratatuko nuke, gu hildakoan zuek oparo kobratzeko. Alferrik dator poema: gu ez gara etxean hilko, ez ospitalean ere. Errepidean eroriko gara, autoren batek asfaltora bota eta zapalduta, trikua bagina bezala. Orrialderen bat edo beste beteko dute egunkarian, eta eskelaren bat edo beste ere jarriko du okerren batek buletinean. Baliteke inork loreak jartzea gu erortzen garen lekuan, baina gure aipamenik ez da izango beste hizkuntzan mintzo diren ezpainetan. Azkenean, arrazoi izango du poetak: "Gure aitaren etxeak zutik iraunen du, gu gabe".