Gabon kantak, jaiotzak, Olentzero eta Mari Domingi izango dira bihar, abenduak 24, Azpeitiko protagonista. Goizetik, jaiotzaren laguntzarekin, kaleetan, auzoetan eta baserrietan kantuan ibiliko diren taldeak ez dira faltako, eta Olentzerok eta Mari Domingik ere egingo dute urteroko bisita.
12:00etan iritsiko da Mari Domingi plazara, Olentzerori zuzendutako umeen gutunak jasotzera. Arratsaldean, berriz, Olentzero eta Mari Domingi elkarrekin ibiliko dira kalejiran, 17:00etatik aurrera. Arana kaletik abiatuta, Alde Zaharrean zehar ibiliko dira, idiek eramango duten gurdian, eta plazan egingo dute azken geldialdia, 18:45era bitartean.
Jaiotzarekin kantuan
Gabon eskean ibiliko direnen artean dira Julian Barrenetxea abesbatzako kideak, eta beraiekin batera kantuan atera nahi duten herritar guztiei luzatu diete horretarako gonbita. Jaiotzarekin kalez kale ibiliko dira bihar iluntzean Barrenetxeakoak, Parrokiko Abesbatzarekin, Izarraitz Txistulari Taldearekin eta parte hartu nahi duten herritar guztiekin batera. 18:30ean ekingo diote ibilbideari, Plaza Txikitik abiatuta. Eskean bildutako dirua Caritaseko proiektu desberdinetara bideratuko dute.