Lehen harrera egin diote Mari Domingiri

Uztarria.eus 2014ko abe. 24a, 13:32

12:00ak pasatxoan egin diote Mari Domingiri lehen harrera dozenaka herritarrek. Olentzerori zuzendutako umeen idatziak jasotzera etorri da eguerdian Azpeitira. Plazan zain zituen ordurako hainbat guraso eta haur, eta soinuaren laguntzarekin, pare bat abesti kantatu dizkiote Mari Domingiri. 

Gainera, goiz guztian zehar herriko ikastetxeetako guraso eta ikasleak nahiz gaztetxo taldeak kantuan ibili dira kalez kale eta auzoz auzo; asko, jaiotza eskutan hartuta. 

Arratsaldean berriz etorriko da Mari Domingi herrira. Olentzerorekin egingo du bisita, eta kalejiran ibiliko dira biak 17:00etatik aurrera. Arana kaletik abiatuta, Alde Zaharrean zehar ibiliko dira, idiek eramango duten gurdian, ttuntturroek, musika eskolako soinujoleek lagunduta. Plaza Nagusian izango dute azken geltokia, 18:45ak bitartean.

Goizean ez ezik, iluntzean ere ariko dira herritarrak Gabon eskean. Esaterako, Julian Barrenetxea abesbatzako kideak Jaiotzarekin ibiliko dira kalez kale, Parrokiko Abesbatzarekin, Izarraitz Txistulari Taldearekin eta parte hartu nahi duten herritar guztiekin batera. 18:30ean ekingo diote ibilbideari, Plaza Txikitik abiatuta. Eskean bildutako dirua Caritaseko proiektu desberdinetara bideratuko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide