Festa giroan hartu dituzte Olentzero eta Mari Domingi

Uztarria.eus 2014ko abe. 24a, 19:38

Gabon eguneko arratsaldea festaz jantzi da Azpeitiko Alde Zaharrean, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerarekin. Eguerdian ere kalean ibilia zen Mari Domingi ikazkin opari ekarlearekin batera itzuli da herrigunera.

Arana kalean zain zituzten ttuntturroak, txistulariak, soinujoleak, suziak eramanez lagun izan dituzten ikasleak, eta bidean Gabon kantak eskainiz joan diren ume eta gurasoak, 17:00etan kalejirari ekiteko; baita idi pare dotoreak karriaturiko gurdia ere, bikotea esertzeko zain, eta opariz betetako zakuak bizkarrean zeramatzaten bi asto. Aipatutakoez gain, dozenaka herritarrek egin diete harrera, kalez kaleko ibilian aurrena, eta ekitaldia bukatzeko plazan egin duten egonaldian gero.

Plazan, kioskoaren aurrean jarrita, Xebastian Lizasoren bertsoez, gaztetxoek dantzatutako aurreskuaz eta kantuez, eta Julian Barrenetxea Abesbatzaren Jaiotzak egindako bisitaz gozatu dute Olentzerok eta Mari Domingik, han elkartutako haurren gutunak jaso eta haiei gaztaina erreak banatu ondoren agur esan arte. Agur, baina laster arte!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide