Sammic ISBko jokalariekin argazkia ateratzeko aukera izango da igandeko partidan

Iurgi Caminos Iraurgiren entrenatzaile ohiak zuzendutako Araberri talde gasteiztarraren aurka jokatuko dute Azpeitiko kiroldegian, 18:00etan hasita, denboraldiko bigarren derbia.

Igandean, abenduaren 28an, Sammic ISBk etxean jokatuko du, 18:00etan hasita, denboraldiko 14. jardunaldiari dagokion neurketa. Iurgi Caminos Azpeitikoen entrenatzaile ohiaren Araberriren aurka jokatuko dute Iker Buenorenek igandean eta azken partidetako bolada txarrarekin amaitzen saiatuko dira azpeitiarrak. Gainera, zaleek Sammic ISBren jokalariekin atsedenaldian argazkia ateratzeko aukera izango dute. Partidura Sammic ISBren kamiseta jantzita eramaten duen orok izango du aukera hori.

Araberri taldea sailkapenean azken postuan aurkitzen da; denboraldia garaipenarekin hasi zuen arren, ezin izan du beste partidarik irabazi. Taldea ezinean dabil eta egoera aldatzeko gogoarekin etorriko da Azpeitira. Partidako 67,2 puntu lortuta, bataz beste, gure taldea baino puntu gutxiago sartzen ditu partiduko eta, aldiz, aurka jasotzen dituztenak gehiago izan ohi dira. Taldean hainbat aldaketa egin dituzte denboraldian zehar gasteiztarrek, baina ezinean jarraitzen dutela dirudi. Hala ere, ezin da fidatu, egoerari buelta emateko gogo bizitan etorriko baita talde arabarra derbia jokatzera. Buenoren mutilek begi bistan izan beharko dute Yates pibot amerikarra, neurketako 30 minutu jokatuta 14,9 puntu sartu, 9,6 errebote jaso eta 6,9 falta jasotzen baititu bataz beste, 20,3 puntuko balorazioarekin. Bestetik, ezin ahaztu hainbeste urtetan Azpeitian jokatutako Ales Arzelus hegaleko gasteiztarra. 20 minutu baino gehiago pasatzen ditu kantxan, taldeko erreferenteetako bat da eta, izugarrizko zenbakiak egin ez arren, aski ezaguna dugu Azpeitian eta badakigu jokoko aspektu guztietan asko ematen duen jokalaria dela. Beraz, adi izan beharko dute Sammic ISBko jokalariek.

Beraz, igandean, denboraldiko bigarren derbia jokatuko du ISBren lehen taldeak. Aukera paregabea da zaleentzat kiroldegira gerturatu eta partida ona ikusteko. Gure taldeak guztion berotasuna beharko du egoerari buelta eman eta urtea garaipenarekin amaitzeko.

Eta, gogoratu! Sammic ISBren kamiseta soinean daramazuen guztiok Azpeitiko jokalariekin argazkia ateratzeko aukera izango duzue atsedenaldian. Kantxara jaitsi beharko duzue. Eta oraindik kamisetarik ez baduzu ez larritu, ISBren tabernan daude-eta salgai!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide