Jorratzeko bide berriak badirela erakutsi digu Sanjuandegiko azokak

Erabiltzailearen aurpegia Azoka Herritik 2014ko abe. 30a, 09:32

Azoka Herritiken antolatzaileok oso pozik gaude hilaren  20an Sanjuandegin egindako azokak izandako emaitzekin. Gustura gelditu ziren antolatzaileak, gustura saltzaileak eta baita auzotarrak ere. Gabon egunotan ere bailarako merkataritza eta kontsumo arduratsua bultzatzea zuen helburu azokak, eta herrian, kasu honetan auzoan, giroa sortzea. Bi helburuak betetzat eman ditugu.

Abenduaren 20a egun berezia izan zen Sanjuandegin. Azoka Herritik antolatu genuen auzoko XJ Elkarlana auzo elkartearekin batera, eta giro ederra egon zen auzoan. Itsasiko Ttuntturroek esnatu zuten auzoa, eta jende asko gerturatu zen plazara, batik bat eguerdian; bistadizo bat ematen batzuk, erosketak egiten beste batzuk, eta pasadan, jan-edanerako tartea hartuta, gehienak. "Herria plaza baino gehiago delako, eta herri osoa nahi dugulako bizirik" egin dugu azoka hau Sanjuandegin. Plaza ederra dela frogatuta gelditu da, eta han ez ezik, herriko beste plaza batzuetan ere bidea egiteko dagoela ikusi dugu.

Antolatzaileen artean giro ona egon zen, eta Extremadurako janari tipikoek, pintxo beganoek eta txistorrak ez zioten konpetentzia handirik egin elkarri, guztientzako lain publiko bildu baitzen.

Haur eta gaztetxoek izan zuten nahikoa entretenimentu zirko musikatuarekin, Arte eta Diseinuko marrazketa tailerrarekin, eta arratsaldean izan ziren ipuin kontalari eta munduko jolasekin. Eta arratsaldean giro ederra jarri zuten, auzoko plazan ez ezik, tabernaz taberna aritu ziren trikitilariek.

Amaitzeko, iraileko azokaren balorazioa egiterako orduan esan genuena berretsi beharrean gara, alegia, Azoka Herritik azoka egunak baino gehiago direna. Herriko kontsumoa sustatzeko, eta herria bizirik mantentzeko “gauzak egiteko modu bat” dela. Azpeitian bizi, kontsumitu, lan egin eta gozatzeko modu berri bat bultzatzea da gure asmoa, eta horretan jarraituko dugu. Helburu horien lortzeko lanean bidelagun zaituztegun guztioi, eskerrik asko!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide