VII. Zuzenien igoera bertikalean parte hartu nahi dutenek asteazkenetik, urtarrilak 7, aurrera izango dute izena emateko aukera. Egun horretan ireki eta otsailaren 25a arte zabalik izango da izen-emate epea Kirolprobak.com webgunean. Martxoaren 1ean jokatuko da Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu eta lasterketa bertikalen Euskal Herriko Txapelketarako puntuagarria izango den mendiko proba. Lagun Onak MBren webgunean ere eman ahal izango da izena, baina urtarrilaren 12tik aurrera.
Zazpigarren ediziorako, gainera, ibilbidean aldaketak prestatu dituzte Lagun Onak MBkoek: besteak beste, plazatik abiatuko dira korrikalariak.
Maratoi erdia, martxoaren 28an
Bestetik, 2015erako data baieztatu du Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak. XXII. edizioa izango du aurtengoa, Diego Garcia zenaren omenez jokatuko den lasterketak, eta martxoaren 28an egingo dute, 16:30ean Azkoititik abiatuta.