Abendu amaieran aurkeztu zuten Kooperatuz, Azpeitiko Gaztetxeak, XJ Auzolanean-ek eta Gazte Informazio Bulegoak kooperazio esperientziak gazteengana gerturatzeko sortu duten egitasmoa.
Orduan iragarri zuten egitasmoaren irudia izango dena aukeratzeko kartel lehiaketa abian jarri zutela, eta lehiaketa horretara lanak aurkezteko epea aste honetan bukatuko da, ostiralean, urtarrilaren 9an. Gazteak eta kooperazioa gaiaren bueltan, parte hartu nahi dutenek kartela egin eta gib@azpeitia.eus helbidera bidali behar dute. Kartela A3 formatuan bidali beharko da, eta mezuan egilearen datuak eta kontakturako telefono zenbakia idatzi behar dira.
Urtarrilaren 13an jakinaraziko dute kartel irabazlea, eta egileak herriko dendetan gastatzeko 80 euroko txartela eskuratuko du.