Udal liburutegiak 53.186 erabiltzaile izan zituen iaz

Uztarria.eus 2015ko urt. 8a, 11:11

Erabiltzaile gehienak helduak eta emakumeak izan ziren iaz. Orotara 42.228 mailegu egin ziren liburutegian eta gora egin du Udal Liburutegiko bazkide kopuruak. Izan ere, 2014. urtean 379 lagun bazkidetu dira liburutegian.

Udal Liburutegiak joan den urteko, 2014ko, erabiltzaileen eta horien maileguen-eta datuak jakinarazi ditu. 53.186 erabiltzaile izan zituen, aurreko urtean baino 6.007 erabiltzaile gehiago. Horietatik 32.977 erabiltzaile helduak izan ziren, eta haurrak 20.209. Erabiltzaileen  %54,11 emakumeak izan ziren (28.783 erabiltzaile) eta %45,88 gizonezkoak (24.404 erabiltzaile).

Guztira, 42.228 mailegu egin ziren liburutegian, 2014. urtean. Helduen liburuak 22.678 aldiz mailegatu ziren, haur eta gazteen alorreko liburuak, berriz, 17.490 aldiz. Erakundeen arloko liburuen 524 mailegu egin ziren, eta liburutegien arteko 1.546 liburu mailegatu ziren.

Euskarazkoak baino gaztelerazko liburu gehiago mailegatu ziren iaz. Horren erakusle da mailegu guztietatik (42.228) 18.902 izan zirela euskarazkoak, eta 21.682 gaztelerazkoak. 1.126 mailegu izan ziren ingelesezkoak eta 518 beste hizkuntzetakoak.

379 bazki berri

Udal liburutegiko arduradunek jakinarazi dutenez, 376 bazkide berri egin ziren iaz. Horietatik 212 bazkide izan ziren helduak (95 emakume eta 117 gizon). Aldiz, 164 izan ziren liburutegiko bazkide egin ziren haurrak (80 neska eta 84 mutil), eta hiru erakunde bazkidetu dira bertan.

Egun 5.359 bazkide ditu Azpeitiko Udal Liburutegiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide