Bihar Bilbora, asteartean plazara!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sortu 2015ko urt. 9a, 13:07

Bihar, beste behin ere, urtero gisan, tamalez, Bilbora joan beharrean gara. Bai, tamalez! Oraindik orain, euskal preso politikoen oinarrizko eskubideak urratuak direlako. Oraindik orain, eszenatoki politiko berria izan arren, 465 ohe huts daudelako. Oraindik orain, salbuespeneko legedian oinarritutako espetxe politikak indarrean dirauelako. Ez dagoelako inolako borondate politikorik, euren legeen arabera bete beharrekoak diren oinarrizko eskubideak ere bermatzeko.

Hala ere, bihar ere, milaka eta milaka lagun izango gara presoen eskubideen defentsan kalera irtengo garenak. Milaka ahots dispertsioaren amaiera eskatzen. Milaka ahots senideek astebururo jasan behar dutenaren amaiera exijitzen. Milaka ahots preso gaixoen etxeratzea eskatzen....

Biharkoak, ordea, jarraipena izan behar du. Eta hurrengo hitzordua, asteartean bertan dugu. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak bilkura egingo du 56 euskal preso politikoren zigorraren luzapenaz erabakitzeko. Europatik datorren araua urratu edo ez erabaki beharko du Auzitegi Gorenaren osoko bilkurak.

Auzitegi Gorenak erabaki behar duena, beraz, honakoa izango da: 'Parot dotrina' delakoarekin bezala, ingeniaritza juridikoa erabiliko ote duten presoei bidegabeki zigorra luzatzeko, edo ez. Delitu berdinagatik zigorra bi aldiz betearazi nahi zaie. Ondorio oso larriak izan ditzake, beraz, astearteko erabakiak!

Ezin ahaztu dezakegu era berean, datorren astelehenean makroepaiketa berri bati ekingo zaiola. 35 lagun lan politikoa egiteagatik Audientzia Nazioalean izango ditugu datozen hilabeteotan; 10 urteko espetxe zigorraren mehatxupean.

Egoera honekin amaitzeko indar eta bide guztiak aktibatu behar ditugu; bide judizialarekin jarraitu, aktibazio eta mobilizazio sozialak biderkatu, babes politiko eta konpromiso instituzionala indartu... Hori horrela, Azpeitiko Sortuk aldarrikapenera gehitzera dei egin nahi dizue. Eta beraz, bai bihar Bilbon, nahiz asteartean, 19:00ean, plazan egoteko gonbidapena helarazi!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide