Natul euskara taldeak erakusketa jarriko du Sanagustin kulturgunean, elkartearen oinarriak gizarteratzeko. Joan den urtean sortu zen Natul, eta bere lan-ildoak plazaratzeko, modu erakargarri eta kooperatibo bat nahi du erabili. Euskara denon altxorra denez, Natulen helburuak ere denon helburuak izateko bidea urratu nahi du elkarteak. Hori dela eta, taldearen oinarriak hamar esalditan banatu , eta Azpeitiko artistei eman dizkiegu dekalogo horretako ideiak.
Behin esaldi horiek jasota, artistek margolan, argazki, collage edo diseinuekin islatu dituzte Natulen oinarriak. Artelan horiek aurkeztuko ditu taldeak datorren asteartean, hilaren 13an, Sanagustin kulturgunean. Hori dela eta, azpeitiar guztiak gonbidatuta daude egun berean 20:00etan egingo den askari-afarira. Ekitaldia irekia izango da, eta artistak ere han egongo dira, argazkiren bat atera nahi izanez gero.
Hauek dira egitasmoan parte hartu duten artistak: Olatz Aguado, Itziar Aranguren, Jon Etxaniz, Naiara Goenaga, Iban Izagirre, Xanti Rodriguez, Iñaki Martinez, Enok Sudupe eta Lierni Varela.
Iritzia eman eta artelana etxera eramateko aukera
Erakusketak irauten duen bitartean -urtarrilaren 27an bukatuko da-, postontzi bat jarriko du Natul euskara taldeak Sanagustinen bertan, herritarrek beraien gustuko artelana(k) aukera dezaten/ditzaten.
Behin erakusketa amaitzen denean, postontziko paper guztiak jaso eta lanak zozketatu eta banatu egingo dira botoa eman duten herritarren artean. Boza emateko aukera jarriko du taldeak sare sozialen eta natul.euskeraz@gmail.com helbidearen bidez ere. Beraz, iritzia ematearekin soilik artelan horietako bat etxera eramateko aukera izango duzu zuk ere.
Bestalde, boza emateko paperetan, herritarrek aukera izango dute Natulen oinarriei ekarpenak egiteko edo ekitaldiak edo lanak proposatzeko.