Azken egunetako "erasoak" salatzeko elkarretaratzea

Uztarria.eus 2015ko urt. 13a, 20:29

Hainbat herritarrek bat egin du gaur Azpeitiko Sortuk deituta plazan egin den elkarretaratzearekin. Aurreko astetik egina zuten deialdia, Espainiako Auzitegi Gorenak euskal presoei Frantzian betetako espetxe urteak Espainian betetzen ari diren zigorretan aintza hartu ala ez erabaki behar zuen egunerako. Gorenak Frantzian betetako zigorrak kontuan ez hartzea erabaki duela jakin ondoren egin dute elkarretaratzea, baina baita abokatuen kontrako operazioaren biharamunean ere, eta Espainiako Gobernuak operazio horren harira Hasier Arraiz Sortuko presidenteak egindako adierazpenak fiskalei igorri dizkien egunean.

Horrela, azken egunetan pilatutako "erasoak" salatzeko baliatu du Azpeitiko Sortuk plazan eginiko elkarretaratzea. Aski da! Errepresiorik ez! zioen pankartaren atzean jarri dira, eta parte-hartzaileetako askok Mariano Rajoy, Fernandez Diaz eta guardia zibil baten argazkiaren gainean Alde hemendik! leloa idatzita zuen irudia izan dute eskutan.

Halaber, kontzentrazioa hasi aurretik, asteleheneko polizia operazioa salatzeko zapatuan Donostian egingo den martxara joateko autobusa jarriko dutela aurreratu dute. Autobus horretarako izena eman nahi duenak Orkatzen egin dezake.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide