Ana Bastidak egindako kartelak iragarriko du 'Kooperatuz' egitasmoa

Uztarria.eus 2015ko urt. 14a, 13:40

Ana Bastidak egindako kartelak irabazi du Kooperatuz Gazte Ekimen Berriak abian jarritako kartel lehiaketa. Hori dela-eta, aurrerantzean kartel horrek iragarriko ditu Kooperatuz egitasmoaren baitan antolatuko dituzten hitzaldiak. Kartelaren egile Ana Bastidak herriko edozein dendatan gastatzeko 80 euroko txartela eskuratu du.

Aurreneko solasaldia hilaren 27an, asteartea, izango da Sindikatu Zaharrean, 19:00etan hasita. Bertan, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren bidez Perun izandako esperientzia azalduko du Maite Kanposek. 

Kooperatuzekoek azaldu dutenez, dagoeneko zabalik da Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan izena emateko epea, eta egitasmo horren gaineko azalpenak emango dituzte. Informazio gehiago behar izanez gero, berriz, gib@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943 15 71 60 telefonora deitu behar da.

Kooperatuz egitasmoa uda bitartean egingo dute, hilero. Kooperatuz "kooperazio esperientzia errealak eta egingarriak gazteengana gerturatzeko egitasmoa" dela azaldu dute ekimenaren sustatzaile XJ Auzolaneanek, Gazte Informazio Bulegoak eta Azpeitiko Gaztetxeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide