Segi atabalak astintzen! Festa dezagun gaurdanik etorkizuna!

Erabiltzailearen aurpegia Bilgune Feminista 2015ko urt. 16a, 19:24

Azpeitiko danborradan murgilduta, Bilgune feministak festa honek azken urteetan izandako bilakaeraren inguruko hausnarketa plazaratu nahi du.

Talde feminista zein norbanakoek borroka ugari egin dugu urte luzeetan herriko jairik parte hartzaileenean emakumeok ere gure lekua izan dezagun. Izan ere, danborrada ospatzen 1957an hasi bazen ere, 1981 urterarte emakumeek ez zuten danborra jotzen ateratzeko aukerarik izan.

Urte hartan bandera jaitsieran baino ez zieten utzi ateratzen, beste batzuen protesta eta eragozpenak tarteko. 1982. urtean lehenengo aldiz bezperako helduen danborradan atera zen herri mugimendu desberdinetako jendeaz osatutako talde mistoa. Parte hartzea herritar guztietara zabaltzeaz gain ezarritako rol tradizionalak apurtuz ekin zion bideari. Emakumezko bat zuzendari gisa eta gizonezko bat abanderatu gisa zituztelarik, gogoz jo zituzten danborrak Azpeitiko kaleetan barrena.

Geroztik elkarteetatik danborra jotzen ateratzeko ahalegin desberdinak egin dira eta apurka apurka emakumeok aukera izan dugu San Sebastian bezperako festan parte aktibo izateko. Talde guztietan emakumeon presentzia ziurtatzea azken urteetan lortu den helburuetako bat da.

Ezin dugu ahaztu festa honetako parte hartzearen oinarria elkarteak direla. Elkarteetan emakumeak izan duen presentziaren isla da danborradan ikusten dugun argazkia.

Hori horrela izanda, orain gutxi jakin dugu Azpeitian emakumeok partaide izatea galarazten zuen azken elkarteak bere arauak aldatu dituela emakumeon sarbidea erraztuz. Baina aldaketa hauek ez dira kasualitatez ematen; emakume askok maila indibidual zein kolektiboan egindako borrokari esker baizik.

Poztekoa da azkenean Azpeitian elkarte guztietan emakumeak onartuak izatea, baita danborradako talde guztietan ateratzeko aukera izatea ere.

Lehen pausua emanda dago baina bide luzea dago egiteko. Elkarteetako estatutuak aldatuta egon arren sarbidea, bazkide izatea, ez da hain erraza arrazoi sozio-ekonomikoengatik eta bazkide beteranoen arteko bozketa bidez izateak sortu ditzakeen eragozpenengatik.

Bestalde, herri-danborrada parekide, ireki eta aurrerakoi bat lortu arte urratsak ematen jarraitu beharrean gaude. Eraiki nahi dugun jendarte eredura egokitutako danborrada bat behar dugu. Emakume eta gizonei ezarritako rol tradizionalak zalantzan jartzen dituena. Azpeitian bizi garen guztiok lekua izango duguna eta gure herrian gertatzen dena aintzat hartuz, herria batzeko eta aurrera egiteko balioko diguna. Festak herri baten bizitzan garrantzitsuak dira, bere balore, bizimodu eta jarrera modu sinbolikoan agertzen baitute. Ondorioz herriak aurrera egin dezan, iraganean trabatuta geratu gabe, tradizio hauen inguruan hausnarketak egin eta berrikuntzak sartzea ezinbestekoa da.

Horregatik, danborrada parekide, aurrerakoi eta ireki baten alde atabalak astintzen jarraitzera deitzen ditugu herritar guztiak. Festaz eta aisiaz gozatuz ere egingo dugu etorkizun hobea guztiontzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide