Gipuzkoako taldekako sailkapenean lehen postuan jarraitzen dute Xaputarrek

Uztarria.eus 2015ko urt. 19a, 11:24

Pasa den larunbatean Gipuzkoako taldekako txapelketaren bigarren jardunaldia jokatu zuten Xaputarrak taldeko kideek Azpeitiko Sindikatu Zaharrean duten gunean. 16:00etan hasi ziren lehian, eta lau partida jokatu zituzten Aitor Priyak, Aitor Elustondok, Juan Carlos Fernandezek eta Daniel Veselinovek. 3 eta 1 emaitza lortu zuten azpeitiarrek Legazpiko Santikutz C tadearen aurka.
 
Legazpiarren taldea Asier Telleriak, Igor Santamariak, Unai Merinok eta Iñai Aranbarrik osatu zuten, eta azken horrek Daniel Veselinoven aurkako partidan lortu zuen taldearen puntu bakarra.
 
Emaitza horri esker, txapelketako lehenengo postuari eusten dio Xaputarrak taldeak, zazpi punturekin. Azpeitiarren ostean, sailkapeneko hurrengo taldea, Arrasate Arlutz D da, eta puntu bateko abantaila dute Xaputarrek.

Datorren larunbatean Elgoibarren izango da azpeitiar taldea, hango taldearen kontra, nor baino nor. Elgoibarko taldea sailkapenean hirugarrena da, azpeitiarrek baino bi puntu gutxiagorekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide