Hirugarren bat sartu da eztabaidan. "Eta Xoxotera joaten zaretenean nora joaten zarete?". "Ba nik San Inaziori egiten zioat bisita", sandiak. "Orduan, hi ere gutxitan joaten haiz Xoxotera!".
Eta hasierako eztabaidak beste eztabaida batera eraman ditu. "San Inazio ez duk Xoxoteko tontorra, San Inazioren gainaldean dagoen txabolatxo baten ondoan zagok gurutzea, eta hura duk gaina". "Hura dela gailurra? Hik ez daukak ideiarik! Tontorra aterpetxearen atzealdean zagok: han zagok XOXOTE jartzen duen plaka, baita buzoia ere. Bazagok ba jaiotza? Ba inguru hartan". "Jaiotza? Ze jaiotza? Nik ez diat inoiz jaiotzarik ikusi Xoxoten". "Ez duala jaiotzarik egundo ikusi? Hi haiz hi azpeitiarra! Jaiotza hori Joxe Takolo zenak zaintzen zian, hil zen artean. Hori ere ez al hekien?".
Eta hurrengo tabernan topatu dituzte mendian asko ibiltzen diren batzuk, eta haiek ziurtasun handirik ez, baina txabolaren ondokoa dela esan dute. Lagun Onak Mendi Bazkunako goi kargu bat ere pasatu da, eta argi eta garbi esan du gurutzea daukana dela tontorra. Hala ere, zalantzak dauzkate esplikazio horrekin: tontorra gurutzea dagoena bada, zergatik daude plaka eta buzoia aterpetxearen atzean? Eta horrela jarraitu dute, egia jakiteko baino eztabaidan jarduteko gogo gehiagorekin.
Eta zuek zer iritzi duzue? Zein da Xoxoteko tontorra?
Urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.